Valentin Carballo: «Denek esan izan didate modaz ezingo nintzela bizi, eta begira, pixkanaka banabil!»
Valentin Carballo, moda diseinatzailea
BINKE / 2018ko azaroa
«Denek esan izan didate modaz ezingo nintzela bizi, eta begira, pixkanaka banabil!»
TESTUAK: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Valentin Carballoren artxiboa
Handia da itsasoa, eta askorako ematen du. Itxura, kolore eta neurri guztietako arrainak daude bertan, eta batzuek korrontearen kontra ere egiten dute. Horrek omen dira indartsuenak, eta horiek lortzen dituzte euren helburuak. Galdakao itsaso handi hori da, eta korrontearen kontra zein bere helburuen alde lanean gogor ari den moda diseinatzailea da Valentín Carballo, bere burua galdakoztartzat duen kanariarra.
Ez da lan arina izango arropa marka propioa sortzea… Ba ez, ez da lan arina, baina zintzotasunez esango dizut… Lan administratiboa ez dut nik egin, zorionez, horretarako kontratatu dudan aholkularitza enpresa bat ibili delako marka propioa sortzeko laguntzen.
Sormen lana behintzat zuk egingo duzu ordea… Bai, noski. Eta horrek bai eskatzen du lan izugarria. Ordu asko sartu behar dira: sormena, materiala, argazki saioak antolatu eta egin, webgunea, hornitzaileak bilatu… Guzti hori nik egiten dut, eta borondate handia dago denaren atzean.
Zure arropa sortzearekin, gaur egungo merkatuan dagoen hutsune bat bete gura duzu? Merkatuan, gaur egun, dena asmatuta dagoela uste dut. Ideia, arropak berrasmatzean edo kontzeptuak nahastean dagoela esango nuke.
Alderantziz beraz, zure hutsune bat beteko du merkatuak? Esan daiteke, bai. Azken finean lan-merkatuan sartzea erabaki nuen proiektu bat nuelako, baina bereziki merkatu horretatik eta proiektu propioa izatetik asko ikasiko nuelako, modaren munduak inguratzen dituen sektore asko kontrolpean izan behar dituzulako.
Eta lortzen ari zara? Pozik nago! Momentuz Espainia osoan saldu dut eta eskari batzuk Italiatik ere jaso ditut! Iaz kaleratu nuen marka berria eta posible da datorren udarako bilduma berria prestatzea.
Orain arte zenbat bilduma kaleratu dituzu ba? Une honetan «Geometric colors» da gehien sustatzen dudan bilduma, «kaletarrena» delako nolabait esatearren, eta kotoi ekologikoekin egindako kamisetak izateaz gain, ingurugiroa kaltetzen ez duten tintekin lan egiten dudalako.
Baina ez da bilduma bakarra? Ez, baditut beste batzuk nire alde artistikoena erakusteko egin ditudanak. Gehiago dira desfile eta lehiaketetarako. «Hídrico», «Fragata» edo «Darck fusion» kalekzioekin gainera hainbat sari irabazi izan ditut bai hemen zein Andaluzian.
Beraz, zure arropak janzteko ala pasarelan erakusteko dira? Normalean lan artistikoak dira, ikerketa baten ostetik datozenak eta buruan duzun hori errealitatera eramateko baliatzen dituzunak. Baina linea komertzialago bat ere badut, salgai dudana. Beraz, esparru bietarako arropak egiten ditut! (barreka)
Nondik datorkizu arropen diseinuarekiko interes hau? Txikitan, amarekin ile-apaindegira joaten nintzenean, izugarri gustatzen zitzaidan bertako moda aldizkariak kuxkuxeatzea. Eta gogoan dut arrebaren «barbie»-ak hartzen nituenean arropak nik egiteko! (irribarretsu)
Galdakaok beraz zu diseinatzaile izatearen «erru handia» du! Galdakao nire herria da, hemen hazi eta bizi izan naiz eta galdakoztar izatearekin identifikatuta sentitzen naiz. Horrek ni pertsonalki gaur naizenarekin zerikusi handia du, noski, baina ezin dezaket esan Galdakao denik «errudun» nagusia, baina bai faktore inportante bat, artistentzat inguruak eragin handia duelako.
Baina sortzez, nongoa zara? Kanariar Uharteetako irla txiki batean jaio nintzen, Palman. Nire gurasoak lekualdatu behar izan dira asko lanagatik, eta zazpi eskola desberdinetatik pasa behar izan naiz ondorioz, Euskal Herrira iritsi ginen arte, Galdakaora. Bertara etorri eta inoiz baino gusturago sentitu zirenez bertan, hemen bizitzea aukerarik onena zela erabaki zuten.
Eta geroztik pasa dira… Dagoeneko 13 urte, bertara iritsi ginenetik. Ez dakit denbora asko ala gutxi den, baina niretzako bizitza osoa da.
Ikasketak Elexaldeko Andra Marin egin zenituen, baina geroztik asko aldatu da zure ikasketa ibilbidea, ezta? Urretako ikastetxean hasi nintzen. Gero Andra Marin Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Lanbide Heziketako ikasketak egin nituen, sistema informatiko eta telekomunikazioetan.
Telekomunikazioen ikasketak aukeratu zenituen gero modarekin lotutakoekin jarraitzeko? Bai! (barreka) Egia esan nire hasierako ikasketek ez dute zerikusirik modarekin, baina telekomunikazioak aukeratu nituen aukeratzeko ordua iritsi zenean ez nekielako zer ikasi —askori gertatuko zaie, ezta?—. Baina egia aitortzeko, ez naiz ezertaz damutzen, bertan ibiltzea ere baliogarri egin zitzaidalako, bizitzan zer izan nahi nuen argi ikusteko. Ostean bai, gauzak argi nituela hasi nintzen modaren inguruko ikasketak egiten.
Zenbat bider esan dizute modaz ezin zarela bizi? Ene! Hamaika bider! Eta ez senideek bakarrik, lagunek edo ingurukoek ere mila bider esan didate hori. Eta begira, pixkanaka banabil helburuak lortzen! Denen ahotan entzun dut «ezin naizela modaz bizi», «oso mundu hutsala» dela… baina nik jendea bere janzkerarekin zoriontsua izatea maite izan dut beti, «modan» ez dagoen arropekin ere, modak desberdintzeko aukera ematen digulako eta norbera den bezala agertzeko modu bat delako. Horregatik maite dut moda bera. Eta maite duzun zerbaiten alde gogor egiten baduzu lan, ez da eutsi ezineko ametsik izango.
Eta horren adibide zara zeu! Beno, nik orain arte ez dut askorik erakutsi, bide laburra daramadalako mundu honetan. Sari batzuk irabazi ditut, bai, baina horrek ez du ezer esan nahi. Jende asko dago sari pila irabazi dituenak eta zorte itzela dutenak, baina ez direnak hain onak. Eta alderantziz. Adibide naizen edo ez, ez dakit. Baina bide honetatik jarraitu gura dut.
Bide luzea duzula behintzat badirudi… Nik helburu oso handi eta altuak ditut behintzat. Eta badakit zaila izango dela, baina indar guztiekin saiatuko naiz. Proiektu batetik bestera ematen dut eguna, lanean, eta horrek bere emaitzak izatea espero dut!
Tira, emaitza batzuk ikusi izan ditugu. Bolonian zergatik ibili zinen ba? Bai, egia da bizitzako etapa horrek harrotasun handia ematen didala. Giambattista Valli diseinatzaile handiaren enpresan ikasteko beka bat irabazi nuen eta horregatik Boloniara, Italiara, joan nintzen bizitzera. Han diseinatzaile handienen modura lan egiten ikasi nuen!
Modelo lanak ere egin izan dituzu? Bai, baina ezer garrantzitsurik ez. Barruan daramadan sen artistikoak esaten dit diseinatzaile lana dela nirea, eta horregatik modelo izateko asmorik ere ez daukat… Gainera ez zait fokoaren aurreko aldean jartzea gustatzen, nahiko lotsatia naizelako. Beraz, nagoen lekuan hobeto nago! (barreka)
Hala ere, diseinatzaile izateko modelo jardun izana komeni da ala ez du zerikusirik? Batak bestearekin zerikusirik ez duela esango nuke. Modelo lana ere gogorra da, duda barik, baina erabat desberdina. Tenperaturak jasan behar dituzu aurpegian eta gorputzean nabaritu gabe, posatzen jakin behar duzu, zure gorputzari eskaini behar diozu bizitza osoa… eta nik guzti hori oso txarto eramango nuke —ondo jatea gustatzen zaidanarekin!—. Baina gainera diseinatzaile bati lan horrek ez dio eragiten, beraz ez da hain garrantzitsua guretzako.
Zure arropak janzteko orduan, zer bilatzen duzu modeloagan? Zerbait transmititzen duten modeloak gustatzen zaizkit, izaera dutenak. Emakumezkoak gustatzen zaizkit gehiago —nire diseinuengatik— eta aldi berean sen iraultzailea dutenak… Baina egia da bilduma bakoitzean ezaugarri desberdinak bilatzen ditudala bildumaren arabera.
Modaren inguruko blogen batek «modaren printzipe bilbotar» izendatu zaitu. Sinisten duzu printzipe eta printzesatan? Inondik inora ere. Baina onartu behar dut niretzako laudorio bat izan dela horrela «bataiatzea», nahiz eta berba potoloegia iruditzen zaidan niretzako eta ez dudan printzipe eta printzesatan sinisten. Euskal Herrian gainera «lehengai» oso onak daude moda munduan, horrelako berbekin hasteko…
Zenbateko garrantzia du generoak modaren ikuspegitik? Modan generoa garrantzitsua da. Norbera eroso sentitzen den generoaren ikuspegitik janzten bada beti ere, ondo dago, nahiz eta egia den askotan generoari ez zaiola erabilera egokia ematen, eta pixka bat difuso saltzen den. Hala ere, genero etiketatik urruntzeko asmoz, batzutan modelo androginoak erabiltzen dira, eta funtzionatzen dutela uste dut. Niri behintzat gustatzen zaizkit.
Zuk ere kolore batzuk emakumeentzat eta beste batzuk gizonezkoentzat soilik gordetzen dituzu? Ezta pentsatu ere! Bakoitzak nahi dituen koloreak eraman beharko lituzke, zoriontsu egiten dutenak. Baditut kolore fetitxeak niretzako, beltza, urdina edo zuria izan daitezkeenak, baina sortzerako orduan, koloreen paleta eskas gelditzen zait.
Eta zure janzkera, zelan deskribatuko zenuke? Erosoa. Baina ez diot elegante joateari uko egiten egoerak hala eskatzen duenean. «Oversize» edo handi gelditzen zaidan arropa eramatea gustatzen zait, baina egun batean kamiseta handi batekin noa, eta hurrengoan estu-estu ditudan praka batzuekin. Bizitza gauza berriak probatzeko dago eta horiekin gozatzeko!
Etiketa madarikatuak, ezta? Ez dakit zer esan. Bai eta ez. Etiketak batzutan onak dira, baina nire ustez hobe dugu etiketak ezabatzea, bai, ez baitut uste ondo dagoenik inor etiketatzea, horren atzetik aurreiritziak datozelako.
Etiketez baino, egin dezagun berba rolez. Zein rol jokatu gura duzu moda euskaldunean? Uf! Konplikatua egiten zait galdera horri erantzutea. Une honetan formazioan zentratu gura dut, diseinatzaile batek ezagutza eta teknika asko kontrolatu behar dituelako bere desioak ondo helarazteko. Eta momentuz «ikasle rola» aukeratuko dut, baina noski gustatuko litzaidakeela Euskal Herrian modaren erreferente bat izan eta bertako diseinatzaile handienen artean bilakatzea, gaur egun Miriam Ocariz edo Ion Fiz diren bezala. Balenciaga moduko bat aldiz, ez dut uste munduak berriz ikusiko duenik.
Rolez ari garela, baduzu Euskaraldian parte hartzeko asmorik? Uste dut ez dudala euskarazko maila nahikorik Euskaraldian parte hartzeko… Beraz ez dakit niretzako egokia den bertan izena ematea.
Euskaraz ederto entzun zaitugu eta! Bai, baina ni Euskal Herritik kanpo sortu nintzen eta euskaraz ondo ikastea gainditzeke dudan irakasgaia da. Asko gustatzen zaidan hizkuntza da eta izugarri gustatuko litzaidake ondo moldatzea euskaraz. Asko ikasi dudan arren, gaur egun lotsa ematen dit edonorekin hitz egitea, hanka sartzeko beldurragatik. Ez dakit jende gehiagori pasatuko zaion hori…
Hori bada «arazoa», ez arduratu, «Belarriprest» rola horientzako dago eta! Hala bada, bai! Nik ere izena eman eta «Belarriprest» izatea aukeratuko dut, horrela euskararekin ditudan beldurrekin apurtzeko aukera izango dut! •