
Zabalik dago Usansoloko hiri-udalekuetan izena emateko epea
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: D. Pop
Usansoloko Udalak hiri-udalekuak antolatuko ditu aurten ere eta hauetan izena emateko epea zabalik dago honezkero. Hiru txanda ezberdinetan parte hartu ahal izango da, ekainaren 30etik uztailaren 30era.
Pasa den urtean Usansoloko Udalak lehen aldiz antolatu zituen hiri-udalekuak eta aurten ere aukera hau eskainiko die herritarrei. Hauetan izena emateko epea zabalik dago honezkero ekainaren 2ra bitarte eta Udalaren webgunean egin daiteke.
Hiru txandatan parte hartu ahal izango da, ekainaren 30etik uztailaren 30era:
- 1. txanda: Ekainaren 30etik uztailaren 14ra
- 2. txanda: Uztailaren 15etik 30era
- 3. txanda: Ekainaren 30etik uztailaren 30ra
Guztira 120 plaza eskainiko dira eta eskabideak inskripzio-hurrenkeraren arabera onartuko dira. Eskainitako plazen gehieneko kopurura iritsitakoan, udalerrian erroldatutako pertsonen hurrengo eskaerak itxaron-zerrendan sartuko dira, eta, hala badagokio, inskripzio-ordenaren irizpide beraren arabera kudeatuko dira. Usansolon erroldatuta ez dauden pertsonak, plaza libreak geratzen badira bakarrik onartuko dira.
Informazio gehiago ezagutu daiteke Usansoloko Udalaren webgunean, udala@usansolo.eus helbide elektronikoan edo 94 662 60 00 telefonoan.