Zelenskik gaur Maxamek Errusiarekin negozioa egiteari uzteko eskatu du
Gerra
BINKE / 2022ko apirila
Zelenskik gaur Maxamek Errusiarekin negozioa egiteari uzteko eskatu du
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Espainiako Kongresua
Herrialde askoren kongresuei ari zaie zuzentzen Volodímir Zelenski Ukrainako presidentea, eta gaur Espainiakoaren txanda izan da. Arratsaldean ordu erdiz egin duen bideo-konferentzian Euskal Herriari bi erreferentzia egin dizkio: bata Gernikari eta bestea Galdakaon ere kokatuta dagoen Maxam enpresari.
Espainiako Kongresuan ordu erdiko zuzeneko adierazpenak egin ditu Ukrainako presidente Volodímir Zelenskik gaur, martitzena. Espainiar estatuari eta bertako herritar guztiei zuzendu zaio Zelenski arratsaldeko bostetan hasitako bideo-konferentzian, eta Euskal Herriarekin lotutako keinu bi izan ditu bere hitzartean: bata Gernika aipatuz eta bestea Maxam lehergaien enpresa.
Jendez lepo egon da martitzen arratsaldez Espainiako Kongresua: alderdi guztietako diputatuez gain, ukrainar komunitate baten ordezkaritzarekin, Ukrainak Espainian duen enbaxadorearekin eta NATOko zein Europar Batasuneko beste zenbait ordezkarirekin beteta egon da hemizikloa.
Barkamena eskatuz hasi du bere hitzartea Zelenskik, aurretik Nazio Batuen Erakundearekin izandako bileraren ondorioz atzeratu baita bere konexioa. Arratsaldeko bostak aldera hasi du bere hitzartea, eta Gernika ekarri du ukrainarrak gogora: «2022ko apirilean gaude, baina 1937ko apirilean gaudela dirudi, mundu guztiak Gernikaren inguruan entzun zuenean».
Hitzarte horren helburua Espainiaren konpromisoa bereganatzea izan da, Espainiak Errusia zigortu dezan eta Ukrainara armak bidaltzen segi dezan. Eta lortu du, Espainiako presidente Pedro Sánchezek «bere babes osoa» duela esanez erantzun baitio bere homologo ukrainarrari.
Hala ere, errusiarren eskutik gerra eta inbasioa pairatzen ari den herrialdeko presidenteak Espainiari ere zera eskatu dio: Porcelanosa eta Maxam bezalako enpresa espainiarrek Errusiarekin negozioa egiteari utz diezaiotela. Lehenengo enpresak diputatuen ez-ohiko bilkura amaitu eta berehala adierazi du bere Twitter kontutik Errusiarekin ez duela negoziorik egiten, hitzez hitz: «Porcelanosatik adierazi nahi dugu gatazka hasi zenetik ez dela salmenta prozesu berririk hasi, Errusiarekiko merkataritza transakzio GUZTIAK blokeatuz».
Maxam enpresak aldiz, momentuz, ez du adierazpenik egin. Eta enpresa honen lantegietariko bat Galdakaon dago, 30 eguneko greba amaitu berritan enplegu-erregulazioko espedientea negoziatzen ari direla langileen batzordea eta enpresaren zuzendaritza.
Dena den, Maxamek hiru jarduera mota ditu:
- Zibila, harrobiak, eraikin zaharrak, zubiak eta antzekoak eraisteko.
- Kirola, ehiza eta plater-tiroketa bezalako diziplinetarako.
- Armamentista, poliziak, ejerzitoak eta gerrak hornitzeko.
Lehenengo biak Zuhatzuko lantegian ekoizten dira, nahiz eta orain kirol atala itxi gura duten —horixe izan zen langileek egin zuten grebaren arrazoi nagusia—. Baina Galdakaon ez da gerretarako eta armentzako dinamitarik ez bolborarik ekoizten.
Beraz, suposatutzat ematen da Zelenski ez dela Galdakaoko lantegiaz aritu, baina bai Galdakaon egoitza historikoa duen enpresa baten inguruan.