«Zer lotzen diogun euskarari», Gotzon Barandiaran
Kulturminez
Gotzon Barandiaran Arteaga
BINKE / 2021eko iraila
Zer lotzen diogun euskarari
Inposatutakoa, derrigorrezkoa, astuna, aspergarria, arautua, zurruna. Hezkuntza arautuan ikasten ari diren gure herrikide askok euskararen erabilerari zein euskarazko kultur ekoizpenen kontsumoari buruzko azterketa eta inkesta berrienetan errepikatzen dituzten adjektiboak ditugu. Noiz eta Euskal Herriko osoko era guztietako auzitegietatik euskararen aurkako oldarraldia pairatzen ari garen sasoiotan. Zubiren bat erori zaigu, hariren bat moztu digute, katebegiren bat herdoiltzen utzi dugu.
Laster beteko da urtea Irene Arraratsek Ez gara euskaldun jaiotzen, egin egiten gara hitzaldian esandako hauetatik: «Guretzat euskaraz ikasten duen edonor euskaldun bilakatzen da, eta berdin zaizkigu zirkustantziak». Bat nator Arraratsen baieztapenarekin baina badirudi euskaldunon eskuzabaltasun neurrigabeko horrek ez dakarrela berez euskara gehiago erabiltzea. Kontrara.
Nik artikuluaren hasieran zerrendatutako adjetibo horiek guztiak Espainiako eta Frantziako mugimendu ultraeskuindarrei lotzen dizkiet, kontserbadurismoari, norberekeriari, turbokapitalismoari, atzerakoikeriari, sexismoari, homofobiari, arrazakeriari, klasismoari, eliteari, boterekeriari, beldurrari, poliziari. Ez euskarari.
Nik euskarari lotzen diot, sormena, elkartasuna, irudimena, Herria, olgeta, komunitatea, burujabetza, esperimentazioa, feminismoa, izarrik amestea, lurra eta agroekologia, poesia, internazionalismoa, jaiak, ikasteko gogoa, ekonomia sozial eraldatzailea, justizia soziala, utopia, auzolana, independentzia. Euskarari lotzen dizkiot elkarrekin bizitzeko modu hau eraldatzeko abiarazi ditugun egitasmo aurrekoi guztiak eta gaurgero eraiki ditzakegunak. Horrexetan datza nire euskaltasuna. Zuena?