Zuzendari izateko Izagirrek «baldintza egokiak» betetzen zituela esan du Erkorekak
Politika
BINKE / 2022ko maiatza
Zuzendari izateko Izagirrek «baldintza egokiak» betetzen zituela esan du Erkorekak
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Binke, Josu Erkorekak Fernando Izagirre atzean duela
Fernando Izagirre Eusko Jaurlaritzaren Larrialdietako zuzendari izendatzeko zein irizpide jarraitu zen argitzeko eskatu dio Laura Garrido PPko legebiltzarkideak Josu Erkoreka Segurtasuneko sailburuari, tartean Galdakao ere aipatuta, eta honek bere izendapena defendatu du gaur goizean.
Josu Erkoreka Segurtasuneko sailburuak gaur goizean Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan defendatu egin du Fernando Izagirrek «objektiboki baldintza egokiak» betetzen zituela Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendari izateko. Lehendakariordeak, halaber, goi kargudun ohiaren aurreko garaiarekiko distantziak nabarmendu gura izan ditu, DYAren funtsak ustez bidegabe erabiltzeagatik ikerketa judizial bati aurre egin behar baitio —erakunde horretako presidente izan zen 2016 eta 2021 urte bitartean, Eusko Jaurlaritzan sartu aurretik—.
«Urtebete geroago, salaketa bat aurkeztu zen, karguan dituen eginkizunekin zerikusirik ez duten gertakariengatik, baizik eta, ustez, aurreko jarduerengatik, hertsiki pribatua den elkarte batean, eta horrek ez du zerikusirik Jaurlaritzarekin», berretsi du Erkorekak Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, Laura Garridori (PP) erantzunez. Galdera hau egin dio zehazki Garridok Erkorekari: «Zeintzuk irizpide jarraitu ziren Izagirre jauna Eusko Jaurlaritzaren Larrialdietako eta Meteorologiako zuzendari izendatzeko?».
Segurtasuneko titularrak azpimarratu duenez, «izendapena egin zenean, iazko martxoan, Izagirrek 25 urtetik gorako ibilbidea zuen larrialdien arloan lanean». Ildo horretan, Erkorekak defendatu egin du galdakoztarraren izendapena: «Ez da beti gertatzen kargu baterako izendatutako pertsona batek hain ibilbide luzea izatea esparru zehatz horretarako».
Era berean, sailburuak Gobernuaren jarduna defendatu du, salaketaren berri izan ondoren «lehen Gobernu Kontseiluan kargua uztea onartu baitzuen». Gainera, Izagirrek dimisioa «Jaurlaritzaren izen ona babesteko» aurkeztu zuela gaineratu du Josu Erkorekak.
Garridok gogorarazi du Izagirrek «ibilbide luzea» izan duela, «ez bakarrik DYAn, baita EAJn ere». «Galdakaon erantzukizun karguak izan ditu eta hauteskundeak ere irabazi zituen; alkate izan zitekeen», azpimarratu du popularren ordezkariak, eta jeltzaleei «gertatutakoa minimizatzea» leporatu die, «EAJko pertsona delako». Erkorekak berretsi duenez, «pertsona hori ez zen izendatu kargu hori betetzeko Batzoki batetik zetorrelako, objektiboki egokitasun-baldintzak betetzen zituelako baizik», eta zehaztu du «gaia eremu judizialean» dagoela, eta hari dagokiola «erantzukizunak zehaztea, baldin badaude».
Josu Erkoreka eta Fernando Izagirre elkarrekin bideo berean atera zituen Binkek otsailaren 12an, Eusko Jaurlaritzak merituaren aitortza Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteari eman zionean: