«1.200 urte euskal estatua sortu zela», Aitzol Altuna
Lehoinabarra
Aitzol Altuna Enzunza
BINKE / 2024ko martxoa
Euskaldunen askatasunaren aldeko borrokan, 778. urteko abuztuaren 15ean Orreagako Lehen Gudan gure arbasoek Karlomagno enperadore frankoaren armada boteretsua garaitu zuten, Mendebaldeko Erromatar Inperioa berrantolatzen saiatzen ari zenean. Baina, hor ez zen dena amaitu.
Iparraldeko frankoen eta hegoaldeko musulmanen inperialismoaren aurrean euskaldunek gure lurraldearen, kulturaren eta herriaren defentsak 824. urtean goia jo zuten, Orreagako Bigarren Gudan. Urte hartan, euskaldunak buruzagi baten inguruan elkartu ziren, Eneko Aritza Ximeno, eta hura izendatu zuten euskaldunen lehen erregea, aurten 1.200 urte betetzen direlarik.
824. urtean Karlomagnoren biloba zen Akitaniako Pipinio I errege frankoak, Eblo eta Aznar kondeen agintepean beste armada bat eratu zuen, Pirinioak gurutzatu zituena Iruñean «ordena berrezartzeko» asmoz.
Eblo eta Aznar zailtasun handirik gabe sartu ziren baskoien hirian, biztanle asko urkatuz atzeguardiak eraso ez ziezaieten eta giza armarri bezala hartu zituzten hainbat bahitu. Frankoen interesei leial zitzaien abadeak eta agintariak izendatu ondoren atera ziren hiritik.
Bere herrialdera itzultzeko, Karlomagnok erabilitako galtzada bera zeharkatu zuten, Ibañetako mendatetik eta Orreagatik.
Mendeku bila, euskaldunen armadak erasoa jo eta preso hartu zituen Eblo eta Aznar, Karlomagno garaitua izan zen toki berean. Euskaldunen buruzagien familiek izan ziren frankoak menderatu zituztenak: Ximenotarrak, Gartzeatarrak eta Belaskotarrak, haiek ziren, egiazki, lurraldea menderatzen zutenak, frankoen kroniketan ‘Nauarri’ edo nafarren lurrak deiturikoa.
Euskaldunek, apurka-apurka, Baskoniako dukerriaren lurralde osoa berreskuratu zuten XI. mendearen hasierarako Antso III.a Nagusiarekin, hizkuntza eta kultura aldetik Estatu euskalduna sortu zuten, legegintza tradizio propio batekin gainera.
Nabarra izan zen, hasieratik, euskaldunen Estatua, XVI. eta XVII. mendeen artean inperialista franko-espainolek ia erabat menderatu zuten arte, garai horretan subiranotasuna galdu zuelarik.
Baina, orduan ere, euskaldunek absolutismo uniformizatzaileari aurre egitea lortu zuten, bere sistema juridiko eta politikoari eustean hainbat mendetan: Nabarra Estatuko Foruak, Konstituzio baten parekoak.
Foruak, zuzenbide-iturri nagusi gisa herriaren usadio eta ohituretan oinarritutako sistema politiko, juridiko eta legislatiboa zen: behetik gora eraikia, Erdi Aroko eta gaur egungo Estatuetako legeriak eta sistema politikoak ez bezala, hauek, agintari-elite batek emandakoak baitira.