Gizon bat atxilotu dute Galdakaon, erasotu egiten zuen bikotekidearen etxea erretzeagatik
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Milan Markovic
Galdakaoko 38 urteko gizon bat espetxeratu dute, bikotekidearen etxebizitzari su ematea egotzita. Bikotekideak behin eta berriz jasaten zituen tratu txarrak, Segurtasun Sailaren arabera. Galdakaoko Udalak Bozeramaileen Batzordea deitu eta adierazpena kaleratu du aho batez.
Bilboko epaitegi batek 38 urteko gizon bat espetxeratzeko agindua eman du, bikotekidearen etxebizitzan sute bat eragiteagatik. Bikotekideak tratu txarrak jasan omen zituen behin eta berriz Galdakaon.
Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, aurrekari polizial ugari dituen gizona biktimarengandik gertu zegoen furgoneta bat erretzeagatik ere ikertzen ari da Ertzaintza. Furgoneta hori etxebizitzaren ondoan aparkatuta zegoen, eta kalteak eragin ditu eraikinaren fatxadan ere.
Gertaera azaroaren 9 goizaldean izan zen. Akusatua bikotekidearekin bizi zen, Galdakaon, eta emakumea erasotu, iraindu eta hiltzeko mehatxua egin omen zion gizonak etxea erre aurretik. Biktimak behin eta berriz jasaten zituen horrelako erasoak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ziurtatu duenaren arabera.
Eguazten gauean, eztabaida baten ondoren, emakumea lotara joan zen, eta gizona etxetik joan zen, etxebizitzako gela batean eta eraikinaren ondoan aparkatuta zegoen furgoneta batean sutea eraginez.
Kearen ondorio, biktima bera eta eraikineko gainerako bizilagunak euren etxebizitzetatik irten ziren eta larrialdi zerbitzuei deitu zieten. Ertzaintza eta suhiltzaileak bertaratu ziren, eta sua itzali eta biktima artatu zuten. Gainera, beste bi pertsona ere kea arnasteagatik artatu zituzten.
Ertzainek eraikinaren goiko aldeko gune komun batean ezkutatuta aurkitu zuten sutearen ustezko egilea, eta atxilotu egin zuten. Gizonak kedar arrastoak zituen arropan, eta ke usain handia zuen, ertzainen arabera. Gizona atxilotu egin zuten, genero-indarkeriako delitu bat eta nahita eragindako beste kalte delitu bat egotzita.
Ondoren, gizon honek atxilotzeko lau errekisitoria judizial zituela egiaztatu zen, beste auzi batzuk tarteko direla.
Udalaren adierazpena
Galdakaoko Udalak, bere aldetik, barne Protokoloa aktibatu du, eta, Bozeramaileen Batzordea urgentziaz batu ondoren, honako Adierazpen Instituzionala onartu du barikuan, aho batez:
«Galdakaoko Udalak, bertako talde politiko guztien adostasunarekin, adierazi nahi du irmoki arbuiatzen duela udalerrian gertatu den eraso matxista. Aldi berean, Udalak babes eta laguntasun osoa adierazi nahi die erasoa jasan duen pertsonari eta haren hurrekoei.
Udalak gertaeraren berri izan duen momentutik bertatik eta informazioaren nondik norakoak baieztatu ostean, gaiaren gaineko ikuspegi zehatza eta osoa izate aldera, Protokoloa aktibatu eta premiazko batzarra deitu du informazio guztia batu eta erakundearen erantzuna nahiz biktimarenganako laguntasuna koordinatzeko.
Adierazi gura dugu indarkeria matxista ez dela jokabide txarreko ausazko ekintzen eta ekintza indibidualen emaitza; aitzitik, emakumeen eta gizonen arteko egiturazko desberdintasun-harremanetan sakon errotuta dagoela eta Giza Eskubideen urraketa larria izateaz gainera lehen mailako gaitz soziala dela eta berau sufritzen nahiz aurre egiten dioten emakumeen dignitatearen, osotasun fisikoaren eta moralaren aurka egiten dela.
Hala, bada, Udalak, Giza Eskubideak benetan baliatzen direla bermatzearen ardura daukan erakunde publikoa izaki, behar diren neurriak sustatuko ditu edozelako eraso matxistaren aurrean udalerriko entitateen eta hiritarren erantzun argi eta berehalakoa eman dadin, lehenbailehen erasotua artatua izan dadin, indarkeriari aurre egiteko emakumeek behar dituzten jarduera prebentiboak garatu eta erasotzaileen inpunitate soziala onartu ez dadin.
Udalak berba ematen du, bere eskumenen esparruan, indarkeria matxistarik gabeko bizitza askea bermatzeko lanean jarraituko duela.
Horregatik guztiagatik, Udalak babestu egiten ditu mugimendu feministako taldeek egingo dituzten gaitzespen ekintzak, eta herritar guztiak gonbidatzen ditu horietan parte hartzera».