Galdabusak hilerrira joateko zerbitzua eskainiko du bihar

Argazkia: Galdakaoko Udala.

Bihar, Domu Santu Eguna, Galdabusak zerbitzua eskainiko du hilerrira joan-etorria egiteko. Zapatuetako ohiko ordutegia lau orduz luzatu da linea bakoitzean, eta biak Elexaldeko hilerriraino iritsiko dira egun horretan.

Domu Santu Eguna izango da bihar, azaroak 1, eta ohi denez, galdakoztar askok egun horretan Elexaldeko hilerrira joan eta bertan euren senide eta lagunak gogoratuko dituzte.

Hau kontuan hartuz eta autoen pilaketa gutxitzeko helburuz, Galdabusak zerbitzu berezia eskainiko du bihar. Zehazki, zapatuetako ohiko ordutegia lau orduz luzatu da linea bakoitzean, eta biak Elexaldeko hilerriraino iritsiko dira.

Horrela, Aperribaitik abiatzen den lineak, udaletxearen parean azken geltokia duenak, bere ibilbidea luzatuko du: Elexaldeko hilerriraino iritsiko da udaletxean eta Zabalganen geldialdiak egin eta gero. Linea horretako azken autobusa 18:40ean aterako da Aperribaitik. Bestalde, Zuhatzutik abiatzen den 2. lineako azken autobusa 18:20ean irtengo da Elexalderako noranzkoan.

Neurri honekin, Udalak herritarren joan etorriak erraztea du helburu, «egun berezian garraio publikoaren bidez aukera eroso eta jasangarria eskainiz».

Horregatik, herritarrei Galdabusaren zerbitzua erabiltzeko gomendioa egin die, «Elexalderako sarbideak guztiontzat seguruagoak eta arinagoak izan daitezen eta auto pilaketak saihestu daitezen».