«Galdakaoko Ahaldun Nagusiak», Aitzol Altuna
Lehoinabarra
Aitzol Altuna Enzunza
BINKE / 2022ko azaroa
Uda aurretik anbulatorioko parkean, Bizkaiko Batzar Nagusiei buruzko panel informatiboak jarri zituzten. Bertan, hauen historia eta garrantzia azaldu nahi izan da, baina, nire ustez, ez zuten lortu.
Batzar hauek XI. mendean daude dokumentatuak, nafar Estatuaren oinarrizko egitura politikoa zirenean. Bertan, Bizkaiko Jauntxoak batzartzen ziren soilik, bailaren buru bezala. Lehenengo Batzar horietara, Arratiako Antso joan zen, Bediako Tosubandokoa seguruenik, orduan Galdakanoko udalaren barruan eta XII. mendean «Galdakano familia» bezala ezaguna izango denaren aurrekaria.
1506. urtean agertzen da dokumentatua lehen Ahaldun Nagusia, Usansoloko Fortun, familia honetako beste kide bat eta bere dorretxetik auzune honi izena ematen diona, gaur egun Areizaga jauregia eta Bridgestoneko «Josefinaren» bulegoak. Are gehiago, Aldape-Isasi-Usansolo jaurgoa osatu eta gero, familia honetako sei kide izan ziren XVI eta XVII. mendeetan Ahaldun Nagusi.
Baina, Bizkaiko Batzar Orokorren garrantzi historikoa XVI. mendean kokatu genezake, udaletxe bakoitzeko ordezkari bana bidaltzen hasi zirenean, bakoitzak jesarleku bat zuelarik, orduan ziren demokraziaren eredugarri eta ezagunak. Etxe bakoitzak bere ordezkaria bidaltzen zuen udal-batzarretara eta euren artean alkatea eta Gernikako ordezkaria hautatzen zen.
Rousseauk, demokrazia modernoaren aitak, ironiaz, esan zuen gutaz (1762): «Munduko herririk zoriontsuenean ikusten dugu, baserritarrek koadriletan harizti baten itzalpean moldatzen dituztela Estatuaren negozioak, eta beti zentzu onez».