Gaizka Chamizo galdakoztarrak ‘Irati’ filman parte hartu du
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: David Herranz
Goya sarietarako bost izendapen lortu ditu Paul Urkijok zuzendutako ‘Irati’ filmak. Hainbat aktore euskaldunek parte hartzen dute pelikulan eta haien artean da Gaizka Chamizo galdakoztarra. Berexen paperean «oso eroso» sentitu dela aitortu du artistak.
Aitaren gorpuaren bila, Pirinietako basoetan murgilduko da Eneko izeneko noble gaztea. Bidaia honetan Irati neska misteriotsuaren laguntza izango du, aro ilun baten erdian amodio istorio bat biziko dutela. Hau da Paul Urkijok zuzendutako ‘Irati’ filmaren abiapuntua, maitasunaz haratago euskal mitologiaren sinbolismoa eta historiaren garrantzia erakusten duenak.
VIII. mendean girotu den filmak oso kritika onak jaso ditu, Goya sarietarako bost izendapen lortu dituela. Besteak beste, gidoi egokiturik onenaren saria jaso dezake filmak, Jon Serrano eta David Heras ikusizko efekturik hoberenen sarirako izendatu dituzte, eta Nerea Torrijosek jantzi diseinu onenaren saria jaso dezake. Halaber, Sevillan otsailaren 11an ospatuko den ekitaldian beste bi sari lortu ahal ditu ‘Irati’ filmaren taldeak: jatorrizko soinu-banda onena eta kanturik onena.
Eneko Sagardoy, Edurne Azkarate eta Itziar Ituño dira pelikulan parte hartu duten aktoreetako batzuk eta haien artean dago Gaizka Chamizo galdakoztarra, ‘Maixabel’ pelikulan parte hartu zuenak. Aktorea Berexen paperean sartu da, «txikia baina ahaztezina» izan dela aitortzen duela. «Oso eroso sentitu naiz. Garaiko egurgile kuadrilla xelebre bateko pertsonaia izan da nirea. Lankide jatorren artean eta profesional ugarirekin batera lan egitea ikaskuntza polita izan da», azaltzen du.
Opari hutsa
Sorpresa izan zen Chamizorentzat ‘Irati’ filman parte hartzeko proposamena. «Orreagako gudaren inguruko historia eta euskal mitologia? Betidanik maitatu izan ditudan bi unibertsoren artean jolasteko aukera, opari hutsa izan da», azpimarratzen du.
Filmaren grabazioan parte hartu duen talde osoaren lana goraipatzen du Chamizok: «Profesionalekin lan egitean, egin dezakezun onena adi egotea da. Nola lan egiten duten ikusi eta haien esperientziaz aberastu. Aktore eskuzabalak izan ditut ondoan, bidea erraztu besterik ez didatenak egin. Eskertuta nago».
Ikus-entzunezko proiektuak gustoko ditu aktore galdakoztarrak, baina oholtza gaineko magiarekin konparatu «ezin» direla dio. Orain antzerkian jarraitzen du, proiektuak amaitzen eta heldu daitezkeen berriei lekua egiten. Egun, urtarrilean estreinatuko den Pabellon 6ko Gazte Konpainiako sorkuntza berrian dabil murgilduta, zuzendari eta laguntzaile moduan.
Bestetik, Barakaldoko Zirkodomoko zirko ikuskizun baten sorkuntzan dabil, Pablo Ibarluzearen zuzendaritzapean.