Mikel Sánchez: «Rapa, reggaetoia eta estilo horiek gutxiesteko joera dago oraindik»
Mikel Sánchez, raperoa
BINKE / 2023ko urtarrila
«Nire abestiak jendaurrean entzuten direnean deserosotasun uneak sortzen zaizkit»
- Mikel Sánchez Ayuso
1998, Galdakao
Erizaintzako ikasketak eginda, erizaina ere bada lanbidez Mikel Sánchez. Hala ere, herritarren osasunaren alde egiten duen lanarekin baino, publikoki ezagunagoa da musikarekin egiten duen lanagatik. M.Sánchez izenetik ari da raparen bidean eta mugarri ditu 2022 eta 2023 urteak: 2022an bere lehenengo album osoa kaleratu zuen, sormen talde propioa sortu zuen eta urte berria sari batekin hasi du.
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Mikel Sánchezen artxibotik
Rapari ireki izan dizkio Binkek bere leihotxoak tarteka, eta Mikel Sanchezen berri ere eman izan du inoiz aldizkari honek. Baina iaz argitaratu zuen 04/04 izeneko lehenengo diskoaren ostean eta Noticias komunikabide taldeak aurten eskaini berri dion ‘Musika km0’ saria ezagututa, M.Sánchez raperoa sakonago ezagutzeko aitzakia bikaina eman digu musikari galdakoztarrak.
Urtea 2022an argitaratutako lehen album osoarekin eta jasotako sari batekin hasi duzu. Ondo hasi zara ba! Bai, egia esan, diskoa 2022ko apirilean argitaratu nuenetik orain arte gauza on asko gertatu zaizkit musika mailan, 2023a topera hasteko indarra eta motibazioa eman didatenak!
Zure letrek, oro har, arazoei edota aldarrikapenei buruz hitz egiten dute. Zureen gainean, edo beste norbaiten larruan jartzen zara? Nire letrak, orokorrean, nire ahotik eguneroko alderdiez, emozioez edo sentimenduez hitz egiten dute, onak edo txarrak izan; baina edonork senti ditzake edozein unetan.
Zergatik erabaki zenuen rapa egitea? Beti izan da gehien entzun dudan genero musikala eta identifikatuen sentitu naizena. Gainera, uste dut irisgarriena dela ahots ikaragarririk ez duzunean edo instrumenturik jotzen ez duzunean, baina horrek ez du esan nahi edozein pertsonak rap egiteko gaitasuna duenik.
Binkeren 2020ko erreportaje batean «mundu honetan» berandu hasi izana onartu zenuen. Hasi nintzenean berandu samar hasi nintzela iruditzen zitzaidan, garai hartan nituen erreferenteak oso gaztetatik hasi baitziren musikan. Orain, beste ikuspegi batekin ikusita, uste dut kontua ez dela berandu edo laster iristea, jendeari kalitatezko produktu bat eskaintzea baizik, eta horretarako berdin dio zenbat urte dituzun.
Eta zerk bultzatu zintuen musika genero honetan murgiltzera? Raparen letrekin, normalean, errazagoa da identifikatuta sentitzea beste edozein generorekin baino, horregatik kontsumitzen du jende gazte gehienak musika mota hori, bere bizitzako gauzak islatuta ikus ditzakelako bere idoloetan.
Esaidazu zer abantaila eta zer desabantaila dituen egiten duzunak. Abantaila gisa, esango nuke musikak, asko dibertitzeaz gain, egunerokoan adieraztea zaila egiten zaidan emozio batzuk ateratzeko balio didala. Baina honek ere baditu bere desabantailak. Pertsona barnerakoia naizela uste dudanez, nire abestiak jendaurrean entzuten direnean deserosotasun uneak sortzen zaizkit. Hori ere pixkanaka hobeto eramaten ikasten ari naiz! (irribarretsu)
Ez duzu instrumentu bat jotzen jakin beharko, baina elektronika erabiltzen jakin beharko duzu oinarriak sortzeko, ezta? Ekoizpenaz jakin nahi nuke nire ‘beats’ propioak sortu ahal izateko, baina ez dut horretan jartzeko beste pazientzia! (barreka)
Zertan inbertitzen duzu denbora gehiago, letrak edo melodiak konposatzen? Nik denbora gehiago behar dut letra egiteko, doinuak lehenago ateratzen baitzaizkit, eta horien gainean pentsatzen dut letra, azken emaitza lortu arte.
Norbaitek irakatsi zizun edo autodidakta izan zara? Hasi nintzenean, ez nuen ideiarik ere grabazioarekin eta nahasketarekin zerikusirik zuen ezeren inguruan; eta YouTubeko tutorialak ikusita oinarrizkoa ikasi nuen, nire abestiek gutxieneko maila bat izan zezaten. Kantuak sortzeari dagokionez, uste dut beti modu naturalean atera zaidan zerbait izan dela, baina egia da entrenamendu eta iraunkortasun handia ere baduela horrek.
Nolakoa izan da ikaskuntza-prozesu hori? Askotan etsigarria da, buruan emaitza bat daukazulako, baina ez duzu hori lortzeko ezagutzarik edo baliabiderik. Hala ere, pozgarria zen ia ezagutzarik gabe entzuleen arreta erakartzen nuela ikustea.
Rapero baten lana baloratzen dela sentitzen duzu? Nire kasuan, nire inguruko jendeak beti baloratu izan du musikan egiten dudan lana eta, batez ere, nire letrak. Baina orokorrean uste dut ez dela nahikoa baloratzen. Nire ustez rapa, reggaetoia eta estilo horiek gutxiesteko joera dago oraindik, autotunea edo gainerako generoek ez bezalako hizkuntza erabiltzen dutelako.
Bakarrik ala produktoreren batekin egiten duzu lan? Bietatik pixka bat. Nire kantuetako asko etxean konposatzen jarraitzen dut, baina orain jende gehiagok laguntzen dit azken emaitza ahalik eta onena izan daiten: Zaidbreak —ekoizlea—, Chois —abesteaz gain kantuak grabatu eta nahastu ere egiten dituena— eta Blue Lama —ikus-entzunezkoez arduratzen da— kideekin osatutako sormen taldea sortu dugu.
Zelan ba elkartu zineten? Chois izan zen ezagutu nuen lehenengoan —ez dakienarentzat, Furbah ezizenez ezagutzen den artista bera da—. Berak Zaidbreak-ekin berba egin zuen, Choisek eta biok elkarrekin genituen proiektuak eta sortu gura genuen musika kontatzeko. Ideia gustatu zitzaion eta hirurok elkarrekin lan egitea onartu genuen. Blue Lama berriz Choisen bitartez ezagutu nuen, betiko lagunak baitira.
Beraz, ekoizle propioarekin lan egin aurretik, erabiltzen zenituen oinarriak libreak ziren? Plataforma batzuetan, mundu osoko hainbat ekoizlek beraien ‘beats’ katalogoa igo dezakete, eta zuk hor duzu lizentzia desberdinak ordaintzeko aukera. Aukeratzen duzun lizentziaren arabera, ekoizleak ‘beat’ horren erabilera bat edo beste egiteko aukera ematen dizu, adibidez, abestia monetarizatzeko edo bideoklip bat egiteko aukera izango duzu. Ni horrela hasi nintzen eta egiteko modu erraza da, baina ez dago ekoizle batekin eskuz esku lan egin eta %100eko soinu propioa lortzea bezalakorik.
Nola ikusten duzu musika eszena Euskal Herrian? Rap panorama asko hazi da azken urtean, jende asko ari da musika oso ona egiten, eta ez du artista handien inbidiarik.
Publiko eta artista guztientzat espazio eta aukera nahikoak daudela sentitzen duzu? Oraindik ez dut uste. Adibidez, Euskadin genero urbanoetako artistek egiten dituzten ikuskizunak ikusita, normalena litzateke herrietako festek genero horietako kontzertuak eskaintzea, baina betiko taldeek jarduten jarraitzen dute urtero, salbuespenen batekin.
Elkarrizketaren batean irakurri dizugu «Euskal Herriko hiri-soinuak noizbait lehertuko» direla esaten. Zer esan nahi duzu horrekin? Lehen esan dudan bezala, Euskadiko egoera asko hobetzen ari da, eta talentu handia dago. Zortea dut hau barrutik bizitzeko eta egiten ari den lana ikusteko, eta pixkanaka interes handiagoa ikusten dut Euskal Herriko panoraman, bai hemengo jendeagatik, bai kanpoko entzuleengatik ere. Uste dut denbora kontua dela, baten batek «pilotakada jo» eta beste guztiak berarekin arrastaka eramateko.
Gaur egun erizaina zara. Lanbidez aldatuko zenuke musikan aritzeagatik? Bai, noski. Erizaina izatea gustatzen zait, baina nire azken helburua musikatik bizitzea da.
Eta posible ikusten duzu? Badakit zaila dela eta aukera gehiago daudela horrela ez izateko, baina egunez egun lan egiten dugu hori gertatzeko. Eta hori lortzen ez bada, merezi izango du maite dudan zerbaiti eskaintzen diodan denbora eskaini izana.
Zein iritzi duzu Chill Mafiaren inguruan? Mugarri izan direla uste dut, eta Euskal Herriko gainerako artistei ikusgarritasun handiagoa ematea lortu dutela, hemengo zein penintsulako entzuleengana hurbildu gaituztelarik.
Izan duzu haiekin kolaboraziorik. Beste norekin kolaboratzea amesten duzu? Bueno, horietako batek —Kilikik— nire Milhouse remixean parte hartu zuen (barreka) Jende askorekin kolaboratzea gustatuko litzaidake, baina egunen batean Cruz Cafuné-rekin abestiren baten elkarrekin aritzea lortzen badut, lasai hil ahal izango naiz (barreka)
Rap ‘underground’-etik popera zoazela esan daiteke? Ez zait gustatzen egiten dudanari etiketak jartzea, hori norberari mugak jartzea dela uste dudalako. Esperimentatzea gustatzen zait eta nire musikari soinu berriak gehitzea!
Dena dela, zure abesteko modua oso azkarra da. Nola irten zuzenean akats batetik, hain azkar abestuta? Korista on batekin! (barreka) Uste dut konfiantza kontua dela eta kantuari ahalik eta azkarren lotzen saiatzea.
Raperoek eta bertsolariek errima eta inprobisazioa dituzte komunean. Zer uste duzu ikasi beharko luketela elkarrengandik? Ez dut uste elkarrengandik ikasi behar dutenik. Errimak komunean izan arren, nik, adibidez, ez dut askorik inprobisatzen. Bi diziplina desberdin dira, eta ez dut uste alderatu behar direnik.
Euskaraz ere konposatzea pentsatu al duzu? Asko esaten didate, baina modu naturalean atera behar dela uste dut. Gustatuko litzaidake, baina egunerokoan gaztelaniaz hitz egiten dut, eta euskaraz zerbait behartua izango litzatekela iruditzen zait. Dena den, ez da erabat ixten dudan kontua hori…
Zer proiektu ditu esku artean orain M. Sánchezek? Hemendik maiatzera lau kantu aterako dira ziurrenik, horietako bi bakarka eta beste biak oraindik argitu ezin ditudan kolaborazioak izango dira. Ondoren, ekainean, album bat aterako dut Chois eta Zaidbeak-ekin batera, zazpi abesti izango dituenak.
Kontzerturik eskainiko duzu? Bai, aurten behintzat zuzenekoak serioago prestatzen hasiko gara. Gustatuko litzaidake herrietako festetarako deituko baligute… Eta bukatzeko, kontatu nahi dizut ‘Musika km0’ lehiaketa irabazi ondoren oso itxura ona duten gauza batzuk eskaini dizkidatela, baina ez dago ezer baieztatuta, beraz ezin ezer esan, baina proiektuok ere aurrera egitea espero! •