«Urteila», Manu Etxebarria
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2023ko urtarrila
Urteko lehen hilea adierazteko, besteak beste, «urtarril» nagusitzen badabil be, Gorbeialdean, «urteil» darabilgu. Berba honen oinarrian, «ur» daukagu eta hortik: ur+te+il > urteil, hau da, ur ugariko hilea. Kalendario Julianora eta ondorengo Gregorianora bagoaz, Jano-ren eratorriko «Januarius» izenetik hartu da. Esaterako, gazteleraz: enero; frantsesez: janvier; alemanez: januar; ingelesez: january; etab. Zergaitik? Ba, aiko. Jano, (lat. Janus) Latio-ko Erromatarren jainko bat zan, aurpegi bikoizduna, lehena eta geroaren sinboloa, baita ateen jainkoa be, eta azkenik gauzen hasieren jainkoa, eta hortik urtearena be. Euskaldunok ostera, uragaz lotu dogu urteko lehenengo hile hau. Ur barik ez dago bizitzarik. Gure arbasoek goietan eraikiten ebezan etxeak uriolen bildurrez baina ingurumarian beti iturri bat. Teilatuetarik harako itaxureko ura be egurrezko zein metalezko ontzietan hartuten zan garbikuzi edo behar zanerako. Urteak joan uretak etorri, ura etxera ekarri dogu eta normaltzat daukagu ura gastatzea. Baina, ur gitxi edo ur bako lekuetan, egoera larria da eta aldaketa klimatikoa gane-ganean dogu. Ura, naturaren onura da eta natura danona. Urtebarri on!