«Zer gara?», Ana Mezo
Ana Mezo Basaras
BINKE / 2018ko maiatza
Zer gara?
Galdakaoko ikastolan urte asko eman ondoren ezagutzen nauten batzuek pentsatuko dute hezkuntzaren gainean hitz egingo dudala. Hezkuntzak beti kezkatu nau eta nire kezka gero eta handiagoa da baina, kulturaz hitz egin nahiko nuke. Kultura modu zabalean ulertuta. Sarritan teknologian egin diren aurrerapenei erreparatzen diegu, beste ezeri baino gehiago, eta aurrerapenak handiak eta interesgarriak izan dira. Baina bitartekoak baino ez dira. Kultura da gu egiten gaituena. Ez naiz ari unibertsitatera joan eta fakultatean zientzia zehatz baten gainean hartzen dugun kulturaz. Ikuspegi antropologikoago batetik ulertu gura izan dut beti kultura. Zer gara? Zerk egiten gaitu gu? Neurri batean, behintzat, daramagun bizitzeko moduak, besteak beste, darabilgun euskarak, jaten ditugun jakiak, kontsumitzen ditugun liburuak eta antzezlanak, hurrekoei eta urrunekoei erakusten diegun elkartasun mailak, indartzen ditugun kirolak,… baita munduari egiten diogun begirada motak ere. Baina, hau guztia iraganarekin lotu gurako nuke. Egunerokotasunak zentzua har dezan, azken 80 edo 90 urteetan gertatutakoaz jabetu beharko ginateke. Galdakaoko eta Larrabetzuko bizilagunok historia handia daukagu gure inguruan. Errepara diezaiogun. Beraz, zer gara?