Garbiñe Biurrun: «Presoen eskubideak errespetatzeagatik ez dira biktimenak murrizten»
Garbiñe Biurrun, epailea
BINKE / 2016ko ekaina
«Presoen eskubideak errespetatzeagatik ez dira biktimenak murrizten»
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Txus Martin presoa bere osasun egoera larriagatik da sonatua eta bere aldeko plataformak mahai-ingurua antolatu zuen Galdakaon maiatzaren 31n, tartean Garbiñe Biurrun epailea gonbidatu zela.
Galdakaoko udalbatzaren gehiengoak larriki gaixo dagoen Txus Martin presoaren askatasuna eskatzeko adierazpena aspaldi kaleratu zuen eta hamaika izan dira Giza Eskubideak errespetatzeko Txus Martinen aldeko plataformak antolatutako ekimenak. Azkena Paul Rios Lokarriren koordinatzaile ohia, Julen Arzuaga abokatua eta Garbiñe Biurrun epailea protagonista zituen mahai-ingurua izan da. Amaieran, Binkek EAEko Auzitegi Nagusiko Gizarte Arloko presidentea den Garbiñe Biurrun (Tolosa, 1960) epailearekin Giza Eskubideez solasaldia izateko aukera izan zuen.
Zergatik egon beharko lukete preso gaixoek kalean? Legeak horrela dioelako. Legeak dio gaixorik dauden pertsonek kalean egon beharko luketela. Are gehiago, Espainiako legediaren arabera presondegiko administrazioa derrigortuta dago «preso ororen duintasuna eta integritate fisiko eta psikologikoa zaintzera».
Orduan, zer dago Txus Martin oraindik espetxean egotearen atzean? Nik ezin dut kasu konkretuez hitz egin, batez ere ez ditudalako ezagutzen, baina esango nuke horrelako erabakien atzean orokorrean mendekua dagoela eta horregatik preso batzuk ez dira gainontzekoak bezala tratatzen.
Horregatik egiten dira salbuespen egoerak espainiar estatuan, beraz? Terrorismoak eragin duena oso gogorra izan da. Jende askok pairatu behar izan du terrorismoaren mehatxu edo erasoa eta sufrimendu asko egon da. Horrek baditu oraindik ondorio batzuk eta estatuak uste du terrorismoaren aurka borrokatu behar dela edozein armarekin. Benetan abiapuntu okerra da nire ustez. Are gehiago, ez dut uste presoen eskubideak errespetatzeagatik biktimenak murrizten direnik.
ETA oraindik desagertu ez izanak izan dezake egoera honekin zerikusirik? Horrela izatea espero! Behin ETA erabat desagertuta, beste aitzakiarik izango ez luketelako giza eskubideak urratzen jarraitzeko.
Estrasburgok zortzigarrenez zigortu du Espainia torturak ez ikertzeagatik. Zerbaiterako balio izan du horrek? Tira, behintzat denok lotsatzeko. Batetik, estatua eta botere judiziala; bestetik, gizarte osoa. Orain arte gizarteak, edo gehiengoak behintzat, beste alde batera begiratu izan duelako horrelako urraketen aurrean.
Noizko espetxe politika EAEren esku? Hori bai ez dakidala. Baina bai uste dut hori ere iritsiko dela eta gauza batzuk erraztuko direla, Txus Martinen eta gaixorik dauden presoen egoera, esaterako.