«Papa Noel euskalduna», Maialen Garaizar
Maialen Garaizar Ortueta
BINKE / 2017ko urtarrila
Papa Noel euskalduna
Gabonak amaitu orduko Olentzero joan zaigu berriro mendira lanera. Neguko solstizioarekin ustezko harreman estua duen pertsonaia misteriotsu hau era askotara irudikatu ohi da Euskal Herriko txokoetan zehar; itxura hedatuena, luzaroan, ikazkin lodi zikin bakartiarena izan da, edatea eta bapo jartzea zaletasun duena.
Urteak aurrera joan ahala, ordea, gure Olentzero aldatzen ikusi eta guk geuk ere bere aldaketa hauspotu dugu. Denborarekin batera, tradizioak eraldaketak jasatea berezko prozesua omen da. Baina ez al dabil tradizioa jatorritik gehiegi urruntzen?
Gizarte diruzale eta global honen biztanle bihurtzearen ondorioz, Papa Noel euskaldunaren papera antzeztea egokitu zaio orain Olentzerori: opari-banatzaile lanetan ibiltzeak bere bizar iluna ere urdintzea ekarri dio. Ikatzetan zebilena, janzkera txukun eta dotorearekin ageri zaigu zenbait herritako desfiletan. Eta generoaren eskema normatiboarekin bat etorri behar zuenez, emaztea topatu diogu.
Mundu honetako tradizioak norabide bererantz doaz eta eraikita dagoen gizarte-eredua islatzen dute. Aurrera bagoaz ere, ez dezagun euskal sinbolo eta ohituren gainean idatzi. Gorde eta zabal ditzagun.