Ero: «Metala betidanik entzun dugu, eta barruan daramagu nahitaez»
Ero musika taldea
BINKE / 2020ko otsaila
«Metala betidanik entzun dugu, eta barruan daramagu nahitaez»
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Ero taldea
Euren blogetik doan deskargatu daitezken bi diskak kalean —2012ko «Airean mugak» eta 2016ko «Garaiz gaude»— etenalditxoa egitea erabaki du Ero taldeak, lehen pausuak 2007an ematea erabaki zuenak. Binkek, ordea, euren berri izan gura izan du taldeei eskainitako atal honetan.
Zelan definituko zenukete zuen musika? Guretzat garrantzitsuena abestia da beti, estiloaren gainetik. Izan ere, musika ezberdin asko entzuten dugu. Dena den, ezin da ukatu gure musika rock-aren esparruan ari dela, hainbat musika mota ezberdinen eragina bilduz: metal, pop, rap, funky, reggae… bururatzen zaigun edozer islatu daiteke abesti batean.
Baduzue beste talde edo musikari batzuen eredurik zuenean? Mila abesti dira erreferentzia guretzat, izan ere, taldekide bakoitzak gustu ezberdinak ditu. Erreferente zerrenda luzeegia litzateke…
Gazteak zarete, baina ez umeak, horrek badu eraginik? Ez dakit hala garen, baina gazte sentitzen gara behintzat! (barreka). Nagusitzearen eragina ukaezina da, onerako eta txarrerako. Alde txarrena nagusitzeak dakarren denbora falta da. Hau dela eta, taldea «pause» batean jartzea erabaki genuen iaz. Baina nagusitzeak baditu alde onak ere: denborak eta jende ezberdinarekin jo izanak eskarmentua ematen dizu. Argi dugu zer nahi dugun eta nola burutu. Letretan ere nabaria da denboraren igarotzea, azken batean letrak norberaren nortasunaren ispilu baitira.
Disko pare bat dituzue, zer aurkitu dezake entzuleak euretariko bakoitzean? Bi diskoak nahiko ezberdinak dira beraien artean. Lehenengo diskoan, talde bezala konposatutako lehen abestiak aurkitu daitezke. Musikalki disko gogor eta azkarragoa dela esango genuke, nahiz eta garai hartan metaletik aldendu nahi izan, nabaria da bere eragina. Betidanik entzun dugun musika da eta barruan daramagu nahitaez. Bigarrena ordea, heterogeneoagoa dela esango nuke. Abesti, soinu eta letra ezberdinak lantzea lortu genuen.
Julen Gomez, zure kasuan, Biok talde galdakoztarretik zatoz. Goxotu egin zarela esan daiteke? Bai esan daiteke Biok-eko garaiekin alderatuta «marrubitu» egin naizela! (barreka) Ordurarte ibilitako taldeetan musika gogorra jorratu izan genuen. Do Not Disturb, Kalte eta Biok taldeak metalaren esparruan mugitzen ziren. Biok-en nenbileneko garaietan, zerbait ezberdina egiteko grina neukan eta Ero-ren proiektua bezalako zerbait abian jartzea eskatzen zidan gorputzak.
Musikak mila aurpegi dauzka, zein da gehien gustatzen zaizuena? Diskoaren konposaketa eta grabaketa prozesu politak dira, baina zalantzarik gabe musikak ematen duen handiena bidean ezagutzen duzun jendea da!