Esteban Loroñoren herentzia San Andres egoitza handitzera bideratuko du Udalak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Esteban Loroño galdakoztarra 2005ean hil zen eta bere herentzia osoa Galdakaoko Udalaren esku utzi zuen, adinekoentzako egoitza bat egiteko. Hamazortzi urte ondoren, dirua San Andres egoitza handitzera bideratzea adostu dute Udalak eta Loroñoren familiak.
Ibaizabal kalean autoak konpontzeko tailer bat zuen Esteban Loroño Oleaga galdakoztarra 2005ean hil zen eta bere herentzia osoa Galdakaoko Udalaren esku utzi zuen. Guztira 634.000 euroko balioa zuen herentzia utzi zuen eta diru hau adinekoentzako egoitza bat egiteko erabili behar zela zehaztu zuen.
Hamazortzi urte geroago, Zuhatzuko San Andres egoitza handitzera bideratzera adostu dute Udalak eta Loroñoren familiak. Akordioa pasa den astean sinatu zuten alde bakoitzaren izenean aritu ziren ordezkariek: albazea gisa izendatuta dauden Maria Teresa Loroñok eta Sergio Villak, eta Iñigo Hernando alkateak.
Egoitzaren eraikin berriak Esteban Loroño Oleaga izena hartuko du eta espazio zabalagoak izango ditu. Besteak beste, komun indibidualak izango dituzte eta eguzkia hartzeko terraza guneak ere. Bestetik, isolamendu sistema eraginkorra gehituko zaio egoitza guztiari. Handitzea egin ahal izateko, tenis pista lekualdatuko da.
Lanak 2024an hastea aurreikusi du Udalak eta zehaztutako hobekuntzak egiteko falta den dirua jarriko duela iragarri du.
Udalak «ustekabean» jaso zuen herentziaren berri 2006an albazeen eskutik, eta Loroñoren nahia beteko zuela adierazi zuen orduan. Ondoren, Loroñok Olabarrietan zuen 7.800 metro karratuko lurra eta gainerako ondasunak Bizkaiko Foru Aldundiaren esku utzi zituen Galdakaoko Udalak 2008an, eta Aldundiak, lur haietan adinekoentzako egoitza egingo zuela agindu zuen. Bost urteko epea izango zuen lanak egiteko.
Denbora hori igaro eta lanak hasi ez zirela ikusita, beste lau urteko epea adostu zuten. Proiektua bertan behera geratu zen berriz ere eta dirua beste azpiegiturak egitea bideratzea pentsatzen hasi ziren. «Urteak joan urteak etorri, galdakoztarrak herriarentzat utzi zuen diruaren balorea murriztuz zihoan, eta ondareak Aldundiaren esku jarraitzen zuen», azaldu dute egungo Udal Gobernutik.
Honek eskatu zion hain zuzen Aldundiari 2019an Olabarrietako lurrak eta gainontzeko ondasunak itzultzeko, eta Loroño familiaren bi albazeekin elkarrizketetan hasi zen. Hainbat aukera aztertu zituzten, haien artean dirua Zuhatzuko San Andres egoitza handitzera bideratzea. Azkenean aukera hau adostu dute, «hamazortzi urtez geldituta egon den egoera desblokeatzea lortuz».