Agintaldi «arduratsu eta eraginkorra» egin duela adierazi du Udal Gobernuak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Duela hiru urte eta erdi aurkeztu zuen Galdakaoko Udalak Gobernu Plana. Agintaldia amaitzear dagoenean, honen balantzea egin dute Udal Gobernua osatzen duten taldeek. Besteak beste, «kudeaketa arduratsu eta eraginkorrak» norabide aldaketa ekarri duela adierazi dute. Atzo, apirilak 3, argitaratu zuten adierazpena.
Foru- eta udal-hauteskundeak antolatuko dira Hego Euskal Herrian maiatzaren 28an eta honekin agintaldiak amaituko dira. EH Bildu, Auzoak, Usansolo Herria eta Podemos taldeek osatutako Galdakaoko Udal Gobernuak duela hiru urte eta erdi aurkeztu zuen Gobernu Plana eta denbora honen ostean balantzea egin dute. Atzo, apirilak 3, argitaratu zuten adierazpena.
«Pozik eta asebeteta gaude egindako lanarekin, norabide berri baterako oinarriak jarrita daudelako: kudeaketa arduratsu eta eraginkorrak norabide aldaketa ekarri du», azpimarratu dute Udaletik.
Zazpi ardatzetan multzokatu zituen egin beharrekoak Udal Gobernuak, eta ardatz horiei begirako ehun neurri zehatz proposatu zituen. Neurri hauetatik 97 eginda daudela edo egiten ari direla azaldu du Udalak.
Honakoak ziren planaren helburu nagusiak: oinezkoentzako herri atsegina eta irisgarria egitea; herri bizia, denontzat eraikia; sortzailea; parte hartzailea, gobernantza eredu berriei begira dagoena; trantsizio energetikoa egiteko prest dagoena; herritarrentzako lanerako tokia izango duena; feminista, euskalduna, eta anitza.
Hauek lortzeko helburuz, «pauso zehatzak» eman dituztela adierazi du Iñigo Hernando alkateak. Besteak beste, igogailuak eta arrapalak jarri direla, espaloi handiagoak eta irisgarriagoak egin direla, etxebizitza dotazionalak eraikitzen ari direla, umeen kontseilua sortu dela eta kultur eskaintza ia bikoiztu egin dela gogora ekarri du alkateak.
Agintaldiaren balorazioa egiterakoan, Udal Gobernua osatzen duen talde bakoitzak alor batzuk nabarmendu ditu. EH Biduren bozeramaile den Maite Arandiak udaletxea «garaietara egokiatuago» dagoela azaldu du.
Olaia Parra Auzoaken bozeramaileak azpimarratu du udaletxeko ateak zabaldu direla herritarrentzat eta elkarteentzat: «Herritarren parte hartzea eta elkarteekin elkarlana ardatz izan ditugu».
Usansolo Herriak bere aldetik Usansoloren segregazio prozesuan emandako aurrerapausoak azpimarratu ditu. «Borondatearekin, azken 25 urteetan baino gehiago lortu da azken lau urteotan», azaldu du Agustin Aizpuru zinegotziak.
Jose Luis Bernal Podemoseko ordezkariak beste alor baten inguruan aritu da: «Auzo batzuekiko zegoen zorra kendu dugu eta behar gehien dituzten pertsonen bitzitza hobetzeko lan egin dugu».
Oro har, alderdi guztiek nabarmendu dute «elkarrengandik ikasitakoaren garrantzia eta akordioaren balioa».