ARGAZKIAK | Enrike Solinis Euskal Barrok Ensemble taldearekin izan zen Elexalden
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Peio Zamalloa
Enrike Solinis barrokoan erreferente den musikari galdakoztarra bere herrian, Galdakaon, izan zen iragan zapatuan. Euskal Barrok Ensemble talde handiarekin aritu zen Elexaldeko Andra Mari elizan, Elkanorekin lehen mundu-biran aritu zen Pedro Olabarrieta herrikidea omentzeko. Bertan izan zen Binke, ondoko 10 argazkiak batzeko.
Apirilaren 22an, zapatuz, Elexaldeko Andra Mari elizak «munduari bira» eman gura zion kontzertua hartu zuen 19:30ean hasita. Bira hori ez zuen edonolako protagonista galdakoztarren bitartez egin gainera, ez: Elkanorekin batera lehen mundu-biran joandako Pedro Olabarrieta galdakoztarra omendu zuen Enrike Solinis musikari galdakoztarrak. Lehenengoaren inguruko erreportajea argitaratu zuen Binkek 2019ko urrian, eta bigarrena 2017ko apirileko elkarrizketa nagusia izan zen.
Horixe izan zuen ardatz nagusi Euskal Barrok Ensemble taldeak zapatuan eskaini zuen saioak, zortzi musikariren bitartez: Bernardeta Astari (sopranoa), Leire Berasaluze (ahotsa), Marivi Blasco (ahotsa), Mixel Etxekopar (txirula, ttunttuna eta ahotsa), Miren Zeberio (biolin, barrokoa, fidula eta rabela), Pablo Martin Caminero (biolone), Dani Garay (perkusioa) eta Enrike Solinis bera gidari (lautea eta gitarrak).
Denen artean «munduan zehar egindako lehen bidaiaren garaiko abestiak» interpretatu zituzten, elizatik bertatik musikariek azaldu zuten bezala, eta sei pasartetan banatu zuten errepertorioa: Vasconia milenaria, Sancho de Galdakano, Pedro de Olabarrieta, 1519 Sevilla, 1522 Primus Circundedistime eta Pedro Olabarrietaren heriotza.
Bertan izan zen Binke, eta ondoko argazkietan batu ditugu saioak utzitako zenbait irudi: