Elkarlaguntza Sarea: «Etxebizitzaren arazoa ere lantzen hasi gara orain»
«Etxebizitzaren arazoa ere lantzen hasi gara orain»
Elkarlaguntza Sarea elikadura subiranotasunean oinarrituta egon bada ere, koronabirusaren krisiak beste esparru eta helburu batzuk lantzera eraman du taldea. Horien inguruan hitz egin du Binkek taldeko kideekin.
Galdakaoko Elkarlaguntza Sarea 2017ko amaieran lehenengo pausuak ematen hasi zen taldea da. Geroztik, komunitatearen ikuspegia landu izan dute, eta horretarako, haien proiektua gehienbat elikadura subiranotasunean oinarritu izan dute. Azken aldian, alokairua ordaintzeko arazoak dituzten familia edo norbanakoekin lanean ibili dira. Berrogeialdian zehar telefonoz kudeatzen ziren kasuak, baina egoera aldatu denez, etxebizitzen arazoari aurre egiteko herrian bertan asanbladak sortu dira.
Hitzaldi batean esan zenuten «elikadura subirotasunean oinarrituz, autonomia kolektiboa» bilatzen zenutela. Zer esan nahi du horrek zehatz-mehatz? Bizi garen jendarte kapitalistan gure bizitzak merkatura lotuak daude. Herritarren arteko konpetentziak dirua etengabe lortzera kondenatzen gaitu, eta gizartean ikus daitekeen ondorioetako bat elkarrengandik isolatuta bizi garela da. Aipatutakoaren emaitza prekarietatea da, eta guk argi daukagu egoera horren aurrean hartu beharreko erantzuna hurrengoa dela: elkarrekin antolatu behar gara eta elkarri lagundu, norbanakotik kolektiborako bidea egiten joan ahal izateko eta komunitatea eraikitzen hasteko.
Momentura arte herriko ortuekin izandako esperientzia zer nolakoa izan da? Elkarlaguntza Sareak elikadura subirotasuna bi lan ildotik jorratzen ditu. Alde batetik, erosketa kolektiboak —kontsumo talde bezala funtzionatzen dutenak— eta bestetik, ekoizpen komunalak. Azken hauetarako Larrabetzun ortuak ditugu. Denon artean, eta auzolanen bitartez, elikagaiak ekoizten ditugu eta gero modu kolektiboan banatzen ditugu gure artean.
Konfinamenduaren ondoren, zuen proiektuak beste helburu batzuk hartu ditu; zer dela eta aldaketa hori? Helburuak berdinak izaten jarraitzen dute, baina konfinamenduaren ondoren, gure proiektuari beste helburu berri batzuk gehitu dizkiogu. Hau da, elikadura subirotasunari etxebizitzaren problematika gehitu diogu. Jatea bezala, etxebizitza oinarrizko eskubidea da eta koronabirusak azkartutako krisian arazo larri bilakatu da. Egoera horren aurrean, erantzun antolatu eta kolektiboa eman nahi diogu. Horregatik, hori ere gure saretik landuko dugu.
Bidezko irtenbidea izateko, norengana joan daiteke etxegabetxe-agindua jasotzen duen herritar bat? Etxegabetze bat inoiz ezin daiteke bidezkoa izan. Familia bat kalean geratzen den bakoitzean sistema honek porrot egin duela erakusten digu eta gure oinarrizko printzipioa kaleratze hori eragoztea da. Horrez gain, tresna legal edota instituzionalek ere izan dezakete bere espazioa: laguntza sozialak, Udaletik hartu daitezkeen neurriak… Hala ere, gure ustez herri mobilizazioek eta herri botereek soilik eman diezaiokete erantzun integral bat etxebizitzaren arazoari, eta oro har, gizarte kapitalistari.
Sarearekin bat egiteko
Telefonoa: 635 439 001
Instagrama: @elkarlaguntza_sarea_galdakao
Maila: galdakaokoelkarlaguntzasarea@gmail.com