Ermiten inguruko erromeriak eta lehenengo «unibertsitatea»
Eduren pasarte historikoak
BINKE / 2020ko ekaina
Ermiten inguruko erromeriak eta lehenengo «unibertsitatea»
TESTUA: Edu Madina Etxebarria
ARGAZKIA: Edu Madinaren artxiboa
Aurtengo jai asko barik geldituko garala emoten dau, batzuk izorratu deuskuz daborduko ditxosozko koronabirusak eta Santakurtzak be ospatu ezin izango doguzala konfirmatu deuskue. Lastima bat alaitasuna gustatzen jakunontzako.
Dana dala, eta aurten jai barik lotuko garala jakin badakigu be, ataltxo hau jaietan egiten ziran erromeriak aipatzeko baliatu gurako neuke. Edo hobeto esanda, erromeri gehienak gure herrietako ermitekaz bat egiten eben santuegaz lotuta egoazanez, Galdakaon eta Usansolon daukaguzan edo izan genduzan ermitak gogoratzeko aprobetxatu gura dot. Baina gainera, ermitarik zaharrenaren inguruan be zertzeladaren bat emon gurako neuke: Santa Marina de Ganguren.
Baina hori baino lehen, egin daigun errepasoa. Gaurko udalerrian beneratu ziran ermitak hauek izan ziran: Gangureneko Santa Marina, Ansosuloagako San Anton Txikerra, Bekeako Asentzioa, Gumuzioko San Bernabe, Oinkinako San Andrés eta Zamakonako Santa Cruz edo Santo Cristo.
Ordea, gure udalerriaren historia eta honen eskumen territoriala kontuan hartzen badogu, Etxebarri 1509. urtera arte eta Bedia 1742rarte Galdakaoren udalerriaren parte izan zirala kontuan hartu behar dogu.
Hauek izan ziran —edo dira— Etxebarriko ermitak: San Esteban, desagertu zana, eta parrokia bezala barriro eraiki ebena; eta Santa Ana, beste leku batean berreraiki ebena.
Bedian barriz, hauek dagoz: San Juan Bautista, botata eta 1742an barriro eraikita —gaur parrokia da—, Ereñoko San Martin, Mugartazako San Lorenzo eta Tosua edo Tosubandoko Santo Tomas, beste leku batean eraiki zana.
Ikusten dozuen moduan, inguruko herrietan hainbat barriro eraiki ebezan edo desagertu egin ziran. Gaur Galdakao deitzen jakon udalerrian be antzeko zeozer gertatu izan da, eta hauek dira gaur zutik dagozan ermitak: San Anton Txikerra, jatorrizkoa erortzeko zorian dago eta beste leku batean eraiki eben; San Andres, hainbat bider barriztua eta gaur Usansoloko parrokia dana; Asentziokoa, hainbatean handitu eta barriztua eta San Bernabe, lehenengoa bezala hau be leku desbardin batean eraiki zana. Ezin aipatu barik utzi Zugutzuko Santa Barbarako kapera, Dinamitak —gaur Maxam enpresak— 1912an eraikitzea agindu ebana.
Baina hasieran esan deutsuet ermitarik zaharrenaren inguruan berba egin gura neutsuela, bitxia dalako Gangurengo Santa Marinagaz gertatu zana. Honen jaia uztailaren 18an zan —horregaitik orduantxe ospatzen dira Bengoetxeko jaiak— eta Ganguren mendiaren altuan egoan. Erdi Aroko hilerria zeukan eta Galdakaoko lehengo parrokia izan zan, kanpai, bataiarri eta bataioetarako erregistroa ere eukana. Aldiz, XII. mendean Elexaldeko Andra Mari eraiki zan eta 1782. urtean eraistea erabaki eben. Baina lehenengo parrokia hura oso garrantzitsua izan zan Galdakaon, ez bakarrik ikuspuntu erlijiosotik, parrokiaren ondoan labedun etxe bat egoalako. Etxe honek unibertsitate zeregina zeukan eta bertan familia ilustre edo dirudunen semeak egoazan ikasle. Horregaitik Galdakaoko —eta agian Bizkaiko— lehenengo unibertsitatea izan zala esan leike.
Bertako lehenengo errektorea —nik dokumentatuta daukadana sikieran— Juan Abad de Elorza izan zan, 1572. urtean, gero Francisco Abad de Eguiak jarraitu eban eta ezagutzen dodan azkena Pedro Urtiz Abad de Mendieta izan zan, 1624an.
Holan ba, Gangureneko Santa Marinako erromeriak oso sonatuak izan ziran Galdakaon eta inguruko herri guztietan.