«Estres digitala eta arreta», Gotzon Barandiaran
Kulturminez
Gotzon Barandiaran Arteaga
BINKE / 2023ko ekaina
Euskarazko literaturaz eta musikaz aritzeko DBHko eta Batxilergoko ikasleekin izaten ditugun saioetan gero eta maizago entzuten ari gara kezka bera irakasleengandik. Egoera soziolinguistiko eta ekonomiko arras ezberdineko ikastetxeetako ikasleen artean gertatzen ari da eta gela barruko bertako dinamika osasuntsuak eragozten: Estres digitalak eragindako arreta falta. Urtea hasi zenetik hainbat ikerketa argitaratu dira gurean 11-12 urtetik gorako gazteek mugikorrak erabiltzeko dituzten ohiturez.
Ondorioek ez gaituzte harritu baina emaitza beldurgarria da. Mugikorrekiko dependentziak, sare sozialetako hiperestimulazioak, edukien efimerotasunak, irudiaren diktadurak, segunduro eduki berriak ikusentzun beharrak, denboraren eta gure arteko harremanen pertzepzioa aldarazi digu. Bateko eta besteko irakasleek salatu digutenez, izugarri kostatzen zaie ikasleen arreta eureganatzea. Ikasleek zailtasun itzelak dituzte idatzizko testu bat luze bat ulertzeko, izan idatzizkoa zein entzutekoa, atoan aspertzen dira irakaslearen azalpenekin, ikaskide batek gainontzekoen aurrean berba egiten dutenean inor gutxik egiten dio kasu, 5 minutu eternitatea da… eta horrek guztiak gero eta arazo handiagoak eragiten ditu gazteon osasun mentalean.
Izarrik dauden denboraren hiru laurdenak mugikorrari kateaturik, sare sozialetan harremantzen bizi direlarik, bakardadea eta frustrazioa lar hedatzen ari diren gaitzak dira. Emaitza akademikoetan duen eragina ez eze, jendartearen eguneroko eraikuntzan duena hausnartu beharrean gaude, afera, noski, ez baita gazteena, helduok antzeta edo okerrago ari baikara. Zer herri klase osatuko dugu elkarri aditzeko gai ez bagara?