Galdakaoko entitate askok Euskaraldian parte hartzeko deia egin dute
Euskaraldia
BINKE / 2020ko uztaila
Galdakaoko entitate askok Euskaraldian parte hartzeko deia egin dute
TESTUA: Iñigo Larrea Labarrieta
ARGAZKIA: Aitzol Zamalloa
Euskaraldiak herritarren hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera handitu gura du. Aurtengo edizioari, ordea, kolektiboan aritzeko helburua gehitu zaio —Ariguneetan— eta dagoeneko Galdakaoko elkarte askok eman dute euren izena, argazki honetako ordezkariak tarteko.
Galdakaoko herri batzordea duela pare bat hilabete antolatu zen berriro, eta geroztik, herriko Udal ordezkariak, eragileak, boluntarioak…. elkarlanean aritu dira Euskaraldia martxan jartzeko. Bigarren edizio honen bitartez, entitateen parte hartzea sustatuko da; hau da, momentura arte norbanakoaren jarreran soilik oinarritu izan den ekimenak, aurten, kolektiboari ere emango dio garrantzia.
2020ko Euskaraldian parte hartzeko modu indibiduala eta kolektiboa bilatuko da, hau da, gutariko bakoitzak Belarriprest edo Ahobizi rola aukeratzen jarraituko badu ere, aurretik Ariguneak identifikatu beharko dira erakunde, enpresa, elkarte, kuadrila… eta abarreko taldeetan.
Modu orokorrean azalduz, Ariguneak euskaraz lasai aritzeko guneak dira, eta bertara gerturatuko diren kide guztiak euskara ulertu edo euskaraz mintzatzeko prest egongo dira. Gune horien bitartez, gizarte aktibazioa aldarrikatu nahi da, eta horrekin, hiztunen hizkuntza ohiturak aldatu nahi dira. Horren harira, bi motatako Ariguneak daude: Barne-ariguneak eta Kanpo-ariguneak. Horien berri eman zen Binkeren aurreko zenbakian. Informazio gehiagorako: euskaraldia.eus.
Euskaraldiaren baitan, izen-emateak ere badu bere garrantzia eta hilabete honetan herriko elkarteek haien izena eman behar dute —Ariguneak identifikatu eta izena eman—. Izena emateko hurrengo pausu hauek jarraitu behar dira: lehenik eta behin, Euskarazldiaren webgunera sartzea —www.euskaraldia.eus—. Bigarrenik, «Entitateen izen-ematean» klik egin. Eta hirugarrenik, «Eman izena» jartzen duen tokian botoia sakatu, eta azkenik, bertan agertzen diren hutsuneak betetzea.
Entitateentzako izena emateko epea zabalik dago irailaren 27ra arte, eta Euskaraldia bera azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitarte antolatuko da.
Galdakaon hasi da hainbat entitate Ariguneetan izena ematen eta uztailaren 14an ateratako argazki honetako ordezkariek gainontzeko taldeak animatu gura dituzte Ariguneak identifikatu eta izena ematera. Informazio gehiagorako: galdakao@euskaraldia.eus helbidean edo 688762952 zenbakian.
Hauek dira argazkian ageri diren entitateen ordezkariak edo, agertu gabe ere, Arigune bezala Euskaraldian izena eman duten entitateak:
- Adiskide pilota plkartea
- AEK
- Andra Mari dantza taldea
- Andra Mari FP ikastetxea
- Argizai eskaut taldea
- Bagabiz euskara elkartea
- Basandere emakume taldea
- Baserri taberna
- Berbalagun ekimena
- Binke aldizkaria
- Elkarlaguntza sarea
- Erabide emakume taldea
- Etxerat
- Galdakao boleibol taldea
- Galdakao Gogora
- Galdakao Kantari
- Galdakao kirol kluba
- Galdakaoko Pentsionisten Plataforma
- Ganguren mendi taldea
- Gaztetxoak
- Geugaz
- Guzur Aretxa
- Irakurketa taldea
- Irrintzi elkartea
- Koiu musika taldea
- Mairi talde feminista
- Momoak talde feminista
- Mozoilo irratia
- Oñarte taberna
- Orreaga iritzi taldea
- Patakon
- Peña Egunkariak
- Udala, Iñigo Hernando eta Edurne Espilla
- Udaltzaingoa
- Zizpa gazte konpartsa