Juana Molina: «Ibaizabalera bueltatuko nintzela argi izan dut beti»
Juana Molina, saskibaloilaria
BINKE / 2020ko uztaila
«Ibaizabalera bueltatuko nintzela argi izan dut beti»
TESTUA: Iñigo Larrea Labarrieta
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Ciudad Realen jaio bazen ere, galdakoztartzat du bere burua Juana Molina saskibaloi jokalariak, eta urte batzuk herritik kanpo jokatzen eman baditu ere, bueltan da Ibaizabal Saskibaloi Taldera.
Juana Molina 1991ko martxoaren 11n jaio zen Ciudad Realen, Manzanaresen. Saskibaloia txikia zenetik gustatu izan zaio, eta azken urteetan hainbat lorpen eskuratu ditu. Lointek Gernikan hiru denboraldi egin ostean, Molina GDKO Ibaizabal taldera bueltan da, aurtengo fitxaketa berria izanik. Atseginez hartu gaitu Galdakao ondo ezagutzen duen jokalariak.
Zure ustez, zein izan da momentura arte izan duzun lorpenik handiena? Zorte handia izan dut, eta talde oso arrakastatsuen parte izatera heldu naiz. Agian, Lointek Gernika Bizkaia zentzu horretan talderik handiena izan da, eta klubari esker, lorpen handiak eskuratu izan ditut; hala nola, emakumezkoen ligako play-off fasera heltzea, Erreginaren Kopan jolastea… Arrazoi horregatik suposatzen dut bai modu kolektiboan eta baita modu indibidualean ere lorpen horiek eskuratzea oso pozgarria izan dela. Amets hutsa izan da niretzat, txikia nintzenean inoiz ez nuke imajinatuko txapelketa maila hain altuetara helduko nintzenik. Eta begira!
Zelan sentitu izan zara GDKO Ibaizabal taldean jokatzerakoan? Hasteko, nabarmendu nahiko nuke Galdakaon oso gustura sentitu izan naizela beti. Duela bost urte GDKO Ibaizabalen parte izan nintzen, eta taldea utzi nuenetik, egunen baten bueltatuko nintzela argi izan dut. Aurten, oso denboraldi ederra datorkigula uste dut, eta nire lagunekin berriro ere Urreta zapaltzeko gogo ikaragarriak ditut.
Zein izan da zure ibilbidean aurkitu duzun erronkarik handiena? Ziur aski etxetik alde egitea izan zen. 15 urte nituenean Manzanaresetik alde egin behar izan nuen, eta nire familia, lagun eta bizitza guztia atzean utzi behar izan nituen. Zorionez, sortu ditudan harreman berri guztiek modu apalean lagundu izan naute, eta horiei esker, neurri handi batean babestuta sentitu naiz.
Zein izan da jokatu duzun partidarik garrantzitsuena? Galdera hori erantzutea oso zaila da. Ez nuke zehatz-mehatz partida bat aukeratuko. Gainera, nabarmendu nahiko nuke galduriko partidaren bat aukeratuko nukeela; horien bitartez asko ikasten baita. Baina bat aukeratu beharko banu, lesionatu ondoren jokatu nuen lehen partida aukeratuko nuke.
Lesionatu ondoren, zelan ikusi zenuen zure burua berriro ere saskibaloira jokatzea lortuta? Zoritxarrez, kirolak ekar dezakeen alderik txarrena bizi izan dut nire ibilbidean zehar. Ebakuntza bi egin dizkidate: bata lotailu gurutzatua zela eta 2016an, eta bestea, meniskoa, lotailua eta alboko lotailua apurtu nituelako 2018an. Sendatze prozesu gogor baten ondoren, nire lehenengo entrenamendua oso zirraragarria izan zen niretzat.
Zelan ikusten duzu zeure burua Galdakaon? Esan bezala, galdakoztarra sentitzen naiz. Euskal Herriko jendea asko gustatzen zait, eta bertara heldu nintzenetik, oso gustura ikusi dut neure burua. Gainera, esan beharra daukat duela hiru urte euskara ikasten hasi nintzela, eta aurten B1 agiria lortu dudala. Horrekin batera, hurrengo urtean B2 mailara heltzea gustatuko litzaidake, eta argi daukat nire bizitzako helburuetako bat euskara ondo menperatzea dela. Ia pixkanaka lortzen goazen!