Duintasunaren kolunbarioa eraikiko da Galdakaon, Memoria Historikoaren Legearen baitan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Legea onartu zuen atzo, lehen aldiz, Eusko Legebiltzarrak. «1936ko gerraren eta diktaduraren biktimei justizia eta erreparazioa erraztea» du helburu lege berriak eta, horren baitan, duintasunaren kolunbarioa eraikiko da Galdakaon.
Eusko Legebiltzarrak Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Legea onartu zuen atzo, irailak 28, lehen aldiz. 71 legebiltzarkidetatik 64k eman zioten baiezkoa legeari, EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IU alderdietakoek. PPk, Voxek eta Ciudadanosek kontra bozkatu zuten.
Eusko Legebiltzarreko saiora gonbidatuak joan ziren Iñigo Hernando alkatea eta Edurne Espilla alkateordea. Esteban Epelde Goldatu memoria historikoaren elkarteko kide galdakoztarrarekin egin zuten topo Legebiltzarrean.
Legearen helburua «1936ko gerraren eta diktaduraren biktimei justizia eta erreparazioa erraztea» da. Honen harira, hainbat ildo nagusi ditu onartu berri den legeak: 1936-1978ko giza eskubideen urraketei buruzko txostena egitea; biktimen datu base publikoa osatzea; desagertutako pertsonak bilatu eta identifikatzea; biktimak omentzeko eguna ezartzea; Euskadiko Memoriaren Lekuak eta Ibilbideak izendatzea; hobietatik ateratako gorpuzkien DNA bankuaren sistema kudeatzea; eta diru laguntza osagarriak aztertzea.
Euskadiko Memoriaren Lekuak eta Ibilbideak izendatzeko irizpideari jarraituz, kolunbarioa eraikiko du Galdakaoko Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin eta Gogora Institutuarekin elkarlanean. Burdin Hesiaren ibilbidearen ondoan eraikiko du gorpuzkiak gordetzeko eremua, «memoria historikoa ikasi eta mantentzen laguntzeko gune aberasgarria».
Zehazki, Elexaldeko hilerri inguruan egiteko asmoa dute eta Elgoibarreko eta Urduñako kolunbarioekin batera duintasunaren triangelu sinbolikoa osatuko du Galdakaok.