Ezohiko ikasturtera buelta
Covid-19 hezkuntzan
BINKE / 2020ko iraila
Ezohiko ikasturtera buelta
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIAK: Jon Gomez Garai
Joan den martxoaz geroztik, konfinamendua hastearekin batera itxi zituzten haien ateak Galdakaoko eta Usansoloko ikastetxeek. Itxialdian zehar izandako bizipenak tarteko, oporraldiari esker indarberriturik hasi dute ikasturtea irailean: neurri, baliabide eta egoera berri zein ez horren berrietara moldatuz. Ezohiko ikasturtearen itzulera zelakoa izaten ari den aztertu gura izan dugu.
Badira sei hilabete hezkuntza esparruko kide orok ikastetxeak laga eta bakoitzak bere bidea hartu behar izan zuenetik. Batzuek aurrez aurrekoa alboratu eta telematikoki jardun, beste batzuk berriz haien seme-alaben makulu bilakatu, eta beste zenbaitek langabezian edo ABEEan —aldi baterako enplegu-erregulazio espedientean— egon behar izan du, irailean ikastetxeek ateak ireki eta hauetako askok berriz ere itzuli behar izan duten arte.
Askotan ahaztu egiten den arren, ikasle eta irakasleetatik harago anitza eta zabala da hezkuntza komunitatea osatzen duten norbanakoen zerrenda. Aurretik aipatutako bi horietatik hasi, guraso, atezain zein zuzendariekin jarraitu, eta garbitzaile edo jantokiko langileetara iristen baita erreskada hau.
Hurrengo lerroetan, gure herrietako hezkuntza komunitatea osatzen duten hainbat kideren testigantzen bitartez, herriko ikastetxeek egun bizi duten egoera zein den ezagutaraztearekin batera, egoera honen aurrean egin den beste irakurketa bat azaleratuko dugu.
Zer diote ikasleek? Bengoetxe institutuko ikaslea da Maialen Aldekoa. Bere ustez, «berezia izango da aurtengo ikasturtearen hasiera». DBHtik, batxilergora salto egin berri duen ikasle honek dioenez, ondo ezagutzen ditu ikastetxeak hartu dituen neurriak Covid-19aren aurrean, arau guztiak argi zehaztuta azaltzen ziren posta bat bidali baitzieten ikasleei kurtsoa hasi baino lehen. Komunean pertsona bakarra egotea edota eskaileretan beharrezko distantzia mantentzea izan dira, besteak beste, orain arte hartutako neurriak.
Ikasturtea arraroa izango dela uste du Maialenek, berak dioenaren arabera, «zaila izango baita norbera bere lekutik ezin mugitzea eta beste inor ezin besarkatzea». Ezohiko egoera honen aurrean izan dituen sentimenduen inguruan galdetuz gero, argi dio urduritasunarekin batera, «gainontzeko klasekideak ikusteko grinak» laburbiltzen dituztela batik bat bere lehen asteko emozioak. Baina, aldi berean, gauzak asko aldatuko direla azpimarratzen du. Musukoa uneoro soinean izateak eta honek hitz egiteko zailtasunak eragitea, edota klaseen bitartean bere gelakideak ez diren lagunak ezin ikusteak izan dira orain arte sumatu dituen aldaketak.
Bengoetxeko ikasleak Binkeri helarazi dionez, ez zuen ikasturtea online bidez hasi nahi, itxialdi garaian bizitakoak ez baitzion askorik lagundu ikasketei dagokienean. Horregatik, eta hau berriro errepikatu ez dadin, «arau guztiak ondo azaltzea eta denok betetzea» eskatzen dio institutuari.
Eta irakasleek? Gandasegi ikastetxeko LHko irakaslea den Amaia Undaren aburuz, larria da irakasleek eta bidenabar hezkuntza saileko beste hainbat langilek bizi duten egoera kurtso berri honetan. Ezarritako protokoloa irakasleen artean aski ezaguna den arren, hau baino beharrezkoagoak ikusten ditu hainbat motatako laguntzak, bere esanetan, «egoera ezegonkor honi buelta emateko». Nagusiki, umea hezteko eta edukiak lantzeko denbora falta, edota sentimenduak transmititzeko aukera eza nabarmentzen ditu Undak ikasturte berri honen hasieran. Honek guztiak, ikasle eta irakasleen arteko harremana goitik-behera aldatzea ekarri duela uste du, «aurpegi erdia estalirik jarduteak ez baitie emozioak igortzea ahalbidetzen, ez irakasle ezta ikasleei ere».
Irakasle, garbiketa langile eta jantokietako behargin gehiago kontratatzea beharrezkoa dela uste du Amaiak, ordu estrak egiten baitituzte guztiek. Horrekin batera, premiazkoak direla uste du Covid-19aren eraginez ikastetxeetako egunerokotasunean erabili ohi diren materialak, berak esandakoaren arabera, «laguntza gisa eman zitzaizkigun gelak aste bakar batean bukatu baitziren».
Aldiz, Unkina ikastetxeko HHko irakaslea den Amaia Odriozolak dioenaren arabera, egoera bestelakoa da horren txikiak diren haurrekin lan egitean: «Komunera etengabe egiten dituzten joan-etorriengatik akaso, edota haurrekiko zaindu behar diren distantziak mantentzeko zailtasunengatik agian, ez da erraza Haur Hezkuntzako ikasgelan protokoloa betetzea». Odriozolaren ustez, haurrek ez dute ulertzen materiala eta hamaiketakoa ezin direla elkarbanatu eta halako beste zenbait xehetasun txiki direla medio, asko aldatu da irakasle eta haurren arteko harremana. Undak aipatutako eskakizunekin bat egiteaz gain, zintzotasuna eta argitasuna eskatzen die Odriozolak erakundeei.
Zuzendarien ikuspuntua. Nekane Pagola Bengoetxeko zuzendaria da eta «korapilatsutzat» jo du ikasturte berriaren hasiera. Berak esandakoari helduz, «nahasmenak eta estresak bat egin duten ikasturtea dela» dio, zuzendaritza taldeak irailean izan ohi duen lan karga handiari, Covid-19aren aurrean hartu beharreko neurriek eragindako zama erantsi behar izan baitzaio aurtengo kurtsoari.
Abuztu hasieratik protokoloa behin eta berriz zuzendu eta egokitu badute ere, zalantza asko dituzte oraindik, eta musuko zein gel-hidroalkoholikoetatik harago beharrezkoak ikusten ditu baliabide pertsonal eta fisiko berriak, «azken hauekin ratio handiak dituzten ikasgelak banatzeko batez ere». Bestalde, ikastetxe guztia seinaleekin margotu dituzte eta komunean semaforo bat jarri dute. Gainera, ikastetxe zein ikasgeletako sarrera-irteerak mailakatu egiten dituztela dio Pagolak. Eta honekin batera, garraio zerbitzua murriztu dute, «egoerak hala eskatzen duelako».
Administrazioei zer eskatzen dien galdetuz gero, Udalari dagokionez, Urretako kiroldegia erabiltzeko aukera eman diela azpimarratu du Bengoetxeko zuzendariak. Hau eskertu duten arren, ikastetxearekiko duen gertutasun ezagatik, ez dute uste erabiliko dutenik, «urrunegi baitago guretzat». Beste instituzio batzuei dagokienez, «beharrezkoak diren baliabideak ahalbidetzea eta bete ezin daitezkeen protokoloak ez ezartzea» eskatzen die, bere aburuz, errealitatea oso bestelakoa baita paperean jartzen duenaren aldean.
Gurasoen ahotik. Elexalde institutuko gurasoa da Txelis Yugero. Bere ustez, ikastetxeetara egin den itzulera ez da segurua izan, «ez baita zilegi 25 ikasle inguru egongo diren ikasgeletara bidaltzea seme-alaba, gehienez 10 pertsonako taldeetan egotera beharturik gaudenean». Seme-alabak Elexaldeko institutuan dituen guraso honen ustez, handia izan da hezkuntzak azken hilabeteetan bizi izan duen galera, batez ere ikasleen arteko arrakalak gora egin baitu hainbat arrazoi tarteko. Ordanagailuen eta sarerako konexioaren eskuragarritasun eza, gurasoek teknologia berriekiko edota euskararekiko zuten ezagutza falta, edota bizitokiaren espazioaren dependentzia bezalako argudioak erabili ditu Yugerok ikasleen arteko diferentzia arrazoitzerako orduan.
Ikastetxeak hartu dituen neurriak ezagutzen baditu ere, Txelisek ez du uste horietako asko betetzea posible denik. Garbiketaren eta material erabileraren kasuan neurri zorrotzagoak hartu eta hauekin bat egiten duen arren, ikasgela bakoitzak izan behar duen ratio kopurua da arduratzen duena. Hori dela eta, espazio eta lokal berriak beharrezkoak ikusten ditu ikasturte honetarako, hauek ahalbidetuko baitute ikasleen sakabanaketa handiagotzea eta ratioak jaistea, eta zentzuzkoa ikusten du Udalak hartutako neurria. Honekin batera, «irakasle eta garbitzaile gehiago kontratatzea beharrezkoa dela» dio Elexaldeko gurasoak.
Gurasoen artean nagusi den iritzia zein den itaunduz, zalantzak nagusi direla nabarmentzen du bere hurbilekoen kasuan. «Orokorrean gurasoak kezkaturik gaude, ez da planteamendurik ezta inbertsiorik egin kurtso hasierari ekiteko» dio Yugerok, eta ikastetxeen eraketen inguruko berrantolaketaren gaia mahai gainean jartzeko ordua dela azpimarratzen du.
Zerbitzuei dagokienez, zer? Izaskun Oiarbide Eguzkibegi Ikastolako jantokiko langilea da eta jangelako zerbitzuari dagokionez hainbat neurri hartu direla nabarmendu du. Hala nola, ikasleek haien artean beharrezkoa den distantzia mantentzearen bermea izan dute xede, eta honetarako beharrezkoa ikusi dute musika-gela jantoki bilakatzea edota jan-orduko txandak areagotzea. Musukoak, tenperaturen kontrola, ikasleen arteko distantziak eta beste hainbeste neurri bitarteko, itzulera segurua izan dela uste du Izaskunek: «Guri dagokigunez, gure eskuetan zegoen dena egiten saiatu gara». Nabarmentzekoa ere bada hamabi langile berri kontratatu dituztela jantoki zerbitzurako, eta honekin oso eskertuta dagoen arren, faltan izan du ikasturte hasieran PCRrik ez egitea, azken honen beharra ikusten baitzuen Oiarbidek.
Ikastetxe bateko garbitzailea den eta bere izena hemen agertzerik nahi ez duen langile batek berriz, bizi duen egoera gogorra dela helarazi dio Binkeri. Iaztik hona garbitzaile bakarra kontratatu duten arren, argi dio langile honek: «Lanordu berean lehen egiten genuenaz gain, egoera honetan beste hamaika gauza garbitu behar izatea ezinezkoa da, ordu gehiago egin ezean». Martxoaz geroztik dihardute lanean bertako garbitzaileek, 15 eguneko atsedena izanez soilik, eta batez ere protokoloan zehazten diren garbitu beharreko xehetasun txikiek duten lanak haien zama asko areagotu duela dio ikastetxe honetako langileak.
Bi hauetaz gain, Urreta ikastetxeko atezaina den Jagoba De la Fuenteren arabera, «ikasleak etxetik ondo ikasita datozela» uste du, horren adibide baitira bere ustez, sartu eta irten aurretik haien artean distantziak mantenduz egiten dituzten ilarak, jolastorduetan hartu behar izan diren neurriak errespetatzea —baloiarekin ezin jolastu, esate baterako— edota eskolak ezarri dituen neurrien aurrean begirunez jokatzea.
Bada beste ikuspegi bat. Irakaslea, emozio hezitzailea eta Eguzkibegi Ikastolako ama izateaz gain, Egiaren Aldeko Hezitzaileen Kolektiboko —EAHK— kidea da Eguzkiñe Arostegi. Hezkuntza sistemak egun bizi duen egoeraren aurrean instituzioek hartu dituzten neurriekin kezkaturik sortu zen EAHK. Euskal Herri osoan aurkitu daitezkeen guraso, irakasle, hezitzaile, mediku zein hezkuntzaren alorrean diharduten beste hainbat kidek osatzen dute kolektiboa eta «haurren eskubideak bermaturik ez egotea» salatu dute jendartean, baita Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean ere.
EAHK-k, besteak beste, hauxe salatzen du: «Musukoa erabiltzeak eta eskuak behin eta berriz garbitu behar izateak haurraren eta nerabearen osotasun fisikoan eraso egiten du, distantzia sozialak haien osasun emozionala atakatzen du eta bestei beldurra izateak haurren eta gazteen osasun psikologikoaren aurka egiten du». Haien ustez, beharrezkoa zen erakundeek hartutako erabakien inguruko berrikusketa bat egitea, «hau egin ez, eta aurretik aipatutako muga horiek kendu ezean, ez baitzen ikasturtea behar bezala garatuko».
Arostegiren ustez, «haurrek arazoak izango dituzte epe ertain-luzera, gehienbat nerabezaro aurreko fasean gauzatzen diren harremanak ez baitira berdinak izango». Honi guztiari irtenbide bat eman nahian, Eguzkibegi Ikastolako zuzendaritzari gutun bat bidali zien. Gutun hau Hezkuntza Sailari egindako eskakizunaren ildo beretik doa, alegia, hartutako neurriek Haurren Eskubideen Adierazpena urratu egiten dutela salatuta. Amaitzeko, ikastetxeetan hartutako neurri guztiak oinarritzen diren osasun dokumentazio zientifikoa gurasoei banatzea beharrezkoa dela jakinarazi zion Eguzkiñek Ikastolari.
Bizitzea egokitu zaigun egoera honetako iritziak kontutan, ia elkarrekin hezkuntza osasuntsu bat eraikitzeko gai garen.