Progresibitatea oinarri hartuz zergak eta tasak igotzea onartu du Galdakaoko udalbatzak
TESTUA ETA ARGAZKIA: Irati Alonso García
Galdakaoko udalbatzak 2024ko ordenantza fiskalak aldatzea onartu zuen atzo antolatu zen ezohiko osoko bilkuran. Zehazki, %3ko igoera ezarriko dute zerga eta tasa gehienetan eta progresibitatea aplikatuko dute. EH Bildu eta Usansolo Herria taldeen aldeko botoekin, Auzoaken eta PSEren abstentzioarekin, eta EAJren kontrako botoekin onartu zen neurria.
Galdakaoko udalbatzak ezohiko osoko bilkura egin zuen atzo eta gai bakarraren inguruan eztabaidatu zuten: 2024ko ordenantza fiskalaren aldaketa. Zehazki, zerga eta tasa gehienetan %3ko igoera ezartzea adostu zuen udalbatzak, EH Bildu eta Usansolo Herria taldeen aldeko botoekin, Auzoaken eta PSEren abstentzioarekin, eta EAJren kontrako botoekin.
Igoera honetan progresibitatea ezarriko da «ahal den kasu guztietan, karga fiskala txikiagoa izan dadin gutxien duenarentzat». «Azken urtean Kontsumo Prezioko Indizea %3,7 igo da Bizkaian, eta 2020tik %15,4 handitu da. Tasa eta zergak, berriz, izoztuta mantendu dira. Zerbitzuak berritu eta areagotu egin dira, kontratuak biderkatu egin dira, baina zerga eta tasen zenbatekoa mantendu egin da», adierazi zuten Udaletik igoera arrazoi moduan.
Azaldu zutenez, ordenantza berriak hiru helburu nagusi dituzte:
- Azken urtetan egin ez diren eguneratze fiskalak abian jartzea (kontutan hartu behar da kasu askotan 10 urte inguru zeramatela egokitu gabe).
- Herritarrei ematen zaizkien zerbitzuen kalitateari eustea eta ahal den neurrian hobetzea, azken urteotan zerbitzu horiei dagozkien kostuetan izandako igoera kontuan hartuta. Udalak eman beharreko zerbitzuen kostua ere nabarmen handitu dela esan nahi du horrek.
- Karga fiskala herritarren artean birbanatzea, egungo legeriak ahalbidetzen dituen ordenantza fiskal guztietan progresibotasuna txertatzeko neurriak ezarriz: familia ugariei hobariak ematea errenten arabera, esaterako. Behar handiena dutenei ere hobari nabarmenak emango zaizkie. Edozein kasutan, gaur gaurkoz, progresibitatea nahi baino kasu gutxiagotan ezarri daitekeela ohartarazi du Alberto Ealo Ogasun zinegotziak; Bizkaiko Foro Aldundiak zerga gutxitan ematen duela horretarako aukera. Progresibitatea ezartzeko aukera areagotzeko eskaera egin dio Aldundiari, eta bide horretan egiten dituen aldaketa guztiak baliatuko dituela jakinarazi du; Galdakaoko Udalak araudiak baimentzen dizkion kasu guztietan ezarriko duela progresibitatea.
Hiru puntu hauek oinarri hartuta, %3ko igoera izango dute zerga gehienek, besteak beste, Ondasun Higiezinen Gaineko Zergak (IBI), Ekonomia Jardueren Gainekoak eta Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Gainekoak.
Bestalde, sei urte damate IBI-a eguneratu gabe eta progresibitatea ezarriko da familia ugarientzat errentaren arabera: adibidez, 15.000 euro arteko errenta duen familia ugariak %90eko hobaria izango du, 25.000 euro arteko errenta duenak %75eko hobaria, 35.000 euro artekoa duenak %50ekoa, eta 45.000 euro arteko errenta duenak %25eko hobaria. Zaurgarritasun egoeran daudenei, %90eko hobaria emango zaie. Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Gaineko Zergak ere %90eko hobaria izango du, esaterako, familia ugarientzat.
Tasei dagokienez ere %3 handituko dira gehienak, eta Udalaren kirol instalazioetako zerbitzuetan progresibitatea ezarriko da. Abonuek hobari ugari jasoko dituzte: 15.120 euro baino gutxiagoko errenta duten familia guztiek izango dute %100eko hobaria, eta hortik gorako diru sarrerak dituztenek, errentaren eta seme-alaba kopuruaren arabera jasoko dituzte hobariak, %90 eta %10 bitartean. Banakako abonuetan ere ezarriko dira hobariak diru sarreren arabera, eta 25 urtez azpiko erabiltzaileek prezio bereziak izango dituzte.
Azkenik, kutxazain automatikoak jartzeagatik ordaindu beharreko tasa %10 gehituko zaie banketxeei, eta %100 udal jabetzako bideen erabilpenean apeak zein materialak erauzten dituzten enpresen kasuetan. Bermea ere %20 igoko da kasu horietan. «Azken urteetan errepikatzen ari den arazo baten aurrean hartutako neurria da honakoa: enpresek basoetako zuhaitzak erauzten dituztenean kalte handiak eragiten dituzte sarritan udal bideetan eta apurtutako errepide horiek egokitzera dirutza bideratu behar izan du ondoren Udalak», azaldu dute Udal Gobernutik.
Aldaketak 2024an jarriko dira martxan hobariak jaso ahal izateko eskaeren epea eta prozedura 2024ko hasieran jakinaraziko da