«Covid-a, Galdakaoko gazteriaren hankartean», gazte talde baten iritzia
Iritzia
Gazte galdakoztar talde bat
BINKE / 2020ko urria
Covid-a, Galdakaoko gazteriaren hankartean
Hori pentsatu behar izan zuten Ertzaintzako zenbait agentek pasadan irailaren 19ko gauean, herriko hainbat gazte goitik behera arakatu baitzituzten gazte izate hutsagatik eta Galdakaoko kale eta plazetan egoteagatik.
Edozein herrialde autoritariotako indar polizialentzat, COVIDaren ondorioz bizi dugun egoera honek amestu zezaketen posizio onenean jarri ditu, eta zoritxarrez batzuoi ez gaitu harritu Ertzaintzako zenbait agentek modu horretan aritu izanak, katxeatzen dituztenen eskubide zibilei inolako kasurik egin gabe. Zenbait kasutan gainera gezurrezko akusazioak eginez hain famatu eta mespretxagarria den mozal legea erabili ahal izateko.
Gazte askok ez dute ulertu neurri honetako jarrera autoritario, arbuiagarri eta urratzaileen zergatia, … hain lekuz kanpokoak izan direnak ezen herri honetan hain ezagunak diren beste indar uniformatu ilun eta gorrotagarri batzuk ekarri dizkiguten burura, duela urte batzuetako irudi eta oroitzapenak gogoraraziz. Gertaera honek ez du inolako zergatirik izan, Galdakaoko gazteriaren aurkako jazarpena ezik, edo agente berrientzako (batere demokratikoa ez den) irakaspen azkar bat, ikas dezaten ustez babestu behar dituzten horiekiko nolako inpunitatea duten nahi dutena egiteko. Gazteek muxukoa jarri zuten edo ez, edaten ari ziren edo festan ari ziren ez zen benetan inporta zitzaiena, herri honetan nortzuk agintzen duten eta nahi dutena egiteko duten ahalmena argi ustea baizik.
Gogoan izan behar dugu Ertzaintzako agenteen zeregina herri honetako bizilagunak inolako diskriminaziorik gabe babestea dela, jatorria, ideologia, generoa eta duen adina kontuan hartu gabe. Gure eskubideak betetzen direla bermatzeko beharra dute, gure zerbitzura egon beharko lirateke, baina zoritxarrez gehiegitan ahazten dituzte ideia hauek. Erabat ulergarria da egoera honek eskatzen dituen osasun neurriak betetzen direla ziurtatzeko lan egitea, jakina, betiere jendearekiko tratu normal eta egoki bat bermatzen diren bitartean. Edozein pertsonak uler dezake hau.
Baina, nahiz eta COVIDaren ondorioz bizi dugun egoera honetan egon, muxukoa jarrita ez duten gazte ehizan ateratzea gaueko ordu txikitan, eta kasu batzuetan baita lortu ere ( bai, gaur egun sinestezina dirudien arren) ez du inolako funtziorik betetzen. Are gehiago, gazteen artean polizia-gorputz horren aurkako sentimenduak indartzerik besterik ez du lortzen, argi ikusten baita ez dagoela desberdintasun handirik hain ezagunak ditugun Polizia Nazionala eta Guardia Zibilarekiko.
Duela ia berrogei urte agente hauek aurkeztu zizkigutenean euskal Bobbiak bezala irudikatu zizkiguten, baina dudak sortzen dira denbora pasa ahala ikusten ditugun jarrerekin. Mota honetako jokabideei buruz ari ote ziren? Mota honetako egoerak baloratzen jarraitzeko aukera izango dugu, ziur izan. Bitartean baina, gazte guztiei dei egiten diegu beraien eskubideen urraketa ahalik eta jende gehienaren jakinaren gainean jartzea, bai COVIDaren haitzakipean eginikoak zein beste edozein arrazoipean eginikoak.
Gogoan izan, gure eskubideak dira ditugun gauza baliotsuenak.