Hurrengo urteetarako proiektuak aurkeztu zituen Galdakaoko Udalak herritarren aurrean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
‘Galdakao Egunero bizitzeko’ lemapean, hiru ardatz nagusitan oinarrituko du Galdakaoko Udalak legegintzaldi honetako bide-orria. Barikuan aurkeztu zuen herritarren aurrean, Udal Gobernuko kide guztiak batu zituen ekitaldian. Albiste honetan batu ditugu Udalak hurrengo urteetan martxan jarriko dituen proiektuen zerrenda.
Galdakaoko Udalak prest du hurrengo urteetan jarraituko duen bide-orria, hau da, martxan jarriko dituen proiektuen zerrenda. Barikuan aurkeztu zuen herritarren aurrean, Udal Gobernuko kide guztiak batu zituen ekitaldian.
‘‘Galdakao Egunero bizitzeko’ lemapean, hiru ardatzetan oinarrituko da Galdakaoko Udalaren bide-orria. Lehenengoa «Egunero oparo bizitzea» da, eta honen baitan proiektu hauek abiatuko dira, besteak beste:
- Emakumeen etxea eraiki
- Parte hartzeko egitura egonkorrak sortu
- Lokalak kultur eta gizarte jardueretarako egokitu
- Errentaren araberako zerga, tasa eta prezio publikoak ezarri
- Etxebizitza publikoen proiektua landu
Bigarrenean aldiz, «egunero osasunez bizitzeko», ekintza hauek abiatuko dira, beste batzuen artean:
- Foro soziosanitarioa sortu
- Gorosibaiko energia komunitatea garatu
- Teknologia berriak ingurumena zaintzera bideratu
- Hainbat kaleren egituraketa aldatu oinezkoei eta bizikletei leku egiteko
- Kiroldegietan jarduera anitzeko tarifa ezarri
- Bilketa pneumatikoa ezartzen jarraitu
Azkenik, «egunero eroso bizitzeko», hauek dira martxan jarriko dituzten proiektuak:
- Auzotaxi zerbitzua martxan jarri
- Ibaiertza hobetu
- Maximo Moreno parkea hobetu
- Txomin Egileor eraberritzea
- Argiztapena eta asfaltatuak hobetu
- Auzoetarako irisgarritasun eta aparkaleku proiektuak abian jarri
- Parkeetan eta hezkuntza espazioen aurrean estalkiak jarri
- Bideak hobetu
Hemendik aurrera, hiru ildo nagusi horiek elikatuz joango da Udala, eta «hiru taldeen arteko elkarlanean egingo du». Hain zuzen, Udal Gobernua osatzen duten EH Bilduko, Usansolo Herriako eta Auzoak-eko bozeramaileek «onurak gogoratu eta bide horretan jarraitzeko konpromisoa berretsi zuten».
Iñigo Hernando alkateak bere aldetik, «herritarrekin zein bertako elkarteekin elkarlanean egiten jarraitu nahi duela» nabarmendu zuen, herriari egiten dioten ekarpena eskertuz: «Horrela ulertu behar dugu bidea egiteko modua: pisuzko arrazoia zarete zuek, herriko elkarte zein norbanakoak, bidea beste era batean egiteko».