Herriko negozio txiki guztien erakusleiho izango den «Gurean» plataforma digitala aurkeztu da gaur
Tokiko merkataritza online
BINKE / 2020ko azaroa
Herriko negozio txiki guztien erakusleiho izango den «Gurean» plataforma digitala aurkeztu da gaur
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Galdakaoko denda, ostalari eta zerbitzu guztiak bateratu nahi dituen webgunea aurkeztu dute gaur Galdakaoko Udalak eta Dendari Elkarteak. Plataforma digital honek Gurean izango du izena eta Galdakaoko zein Usansoloko 500 negozio txiki ingururi eskainiko zaie, doan, euren komertzioen erakusleiho izan daiten.
«Datorren urte berria ilusioz eta erreminta berri batekin hasteko abian jarriko dugu urte hasieran Gurean webgune eta aplikazioa», esan du gaur —azaroak 25, asteazkena— Aitziber Bonilla Dendari Elkarteko presidenteak, Galdakaoko Udalarekin eta plataforma berria garatzen ari diren enpresako kideekin batera eskaini duen prentsaurrekoan.
Ekimen berri honek «herriko denda, komertzio eta zerbitzuen erakusleiho izan gura du, euskarri digitaletan presentziarik ez duen dendatxo hori ere atzean utziko ez duena», azaldu du Iñigo Hernando alkateak. «Teknologia berriek eskaintzen dizkiguten abantailak merkataritzaren eskura» jarri gura dituztela ere azaldu du Hernandok, eta herritarrei dei egin: «Badakigu plataforma erraldoien kontra egitea zaila dela, baina herritarrei dei egiten diegu orain inoiz baino gehiago, herriko merkataritzan kontsumitu dezaten».
Alegia, urtea hastearekin batera aitzakia bat gutxiago egongo da herriko merkataritzan ez kontsumitzeko, eta Javier Ibarretxe Sustapen Ekonomikoko zinegotziak azaldu duenez, «desberdin pentsatzeko eta erosteko garai honetan, plataforma hau herriko negozio txiki guztiei zabalduko diegu, doan».
Erabiltzeko erraza. Komertzio txiki guztiak batuko dituen plataforma digital hau Cuchillo diseinu enpresak eta Maraka enpresa garatzaileak egin dute posible, eta hauen izenean hartu du aurkezpenean parte Garazi Caminok. Caminok nabarmendu duenez, erabilera errazeko aplikazioa izango Gurean, bilatu gura duzun gaiaren edo kokapenaren araberako iragazkiak izango dituena.
«Bertan parte hartu gura duen saltoki, taberna edo zerbitzuen herriko enpresa bakoitzak erabakiko du zer sartu nahi duen bere profilean: eguneko menua, sare sozialen lotura zuzenak, argazkiak, bideoak…», nabarmendu du garatzaileak.
Binkek online salmentagatik galdetzean, Aitziber Bonillak erantzun du urtero zerbait berria eskaintzen saiatuko direla, eta zehaztu: «Gure merkatariek plataformaren bidez saldu ahal izatea bada etorkizunera begira dugun asmoa, baina kontuan hartu behar dugu badirela oraindik helbide elektroniko bat ez duten edo sare sozialetan presentziarik ere ez duten saltokiak, beraz bakoitzaren errealitate eta beharrizanetara egokitzen joan beharko dugu».
Dendari Elkarteko presidenteak nabarmendutako «errealitate» horiek ezagutzen joateko, datozen asteetan herriko komertzio guztiekin kontaktuan jartzen hasiko dira, ekimenaren berri eman eta euren parte-hartzea sustatzeko. Erreminta berri hau urte hasierarekin erabilgarri jartzea da Udalaren eta Dendari Elkartearen asmoa. Horretarako, fase desberdinetan garatzen ari diren proiektuak 30.000€ inguruko aurrekontua izango duela gaineratu dute.