Galdakaoko auzoak hobetzeko saio irekiak antolatuko ditu Udalak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Auzoetako herritarren beharrak aztertu eta proiektuak haiekin elkarlanean sortzeko helburuz, Udalak ‘Auzotik Galdakao’ egitasmoa jarri du martxan. Proiektuaren lehen fasean saio irekiak egingo dira herritarren proposamenak jasotzeko eta hurrengo astean bi antolatuko dira Urretan eta Aperribain.
Auzoen egoera hobetzen jarraitu nahi du Galdakaoko Udalak eta horretarako ‘Auzotik Galdakao’ egitasmoa jarri du martxan. BINKEk jaso zuen moduan, honen bitartez auzoetarako proiektuak herritarrekin elkarlanean sortuko ditu, izan ere, «herritarren beharrizanei ahalik eta ondoen erantzuteko ezinbestekoa da herriaren, bertako guneen eta auzoen egoerak aztertzea».
Lanketa bi eremutan abiatu da: lehenengo eremuak Aperribai, Olabarrieta, Txistulanda, Jugu, Agirre, Azpuru eta Aperribai-Zaharra barnebiltzen ditu, eta bigarrenean aldiz Urreta, Zuatzaurre, Urtebieta eta Tximelarre Goikoa daude.
Hilabete eta erdiz informazio bilketa egin da bi gune horietan inkesta bidez eta eztabaidarako espazioen bitartez, eta saio irekiak egingo dira orain. Honakoak dira hitzorduak:
- Aperribai, Olabarrieta, Txistulanda, Jugu, Agirre, Azpuru eta Aperribai-Zaharrak osatzen duten lehenengo eremuko auzokideentzat:
- Tailerra: urtarrilaren 16an, martitzena 18:00etatik 20:00etara, Aperribai Eskolan
- Auzoen beharrak bertatik bertara ikusteko ibilaldia: urtarrilak 28, domeka, 11:00etatik 13:00etara. Abiapuntua N-634 errepideko Aperribaiko autobus geltokia izango da
- Urreta, Zuatzaurre, Urtebieta eta Tximelarre Goikoak osatzen duten bigarren eremuko auzokideentzat:
- Tailerra: urtarrilaren 15ean, astelehena 18:00etatik 20:00etara, Urreta 2 eskolan
- Auzoen beharrak bertatik bertara ikusteko ibilaldia: urtarrilak 21, domeka, 11:00etatik 13:00etara. Abiapuntua Musika Eskola izango da
Saio hauetan parte hartzeko aurretik izena ematea beharrezkoa da eta erabaki.galdako.eus plataforman egin daiteke, baita 688 83 04 79 telefono zenbakira deituta edo Telegram zein Whatsapp bidez mezua bidalita.
Diagnosia egiteko fasea amaitu ondoren, martxoan hasiko da auzoak hobetzeko estrategia osatuko duten proposamenak lantzeko fasea.