EAJk Galdakaoko Udalak testuliburuak eta material informatikoa laguntzetatik kanpo utzi dituela salatu du
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: ChiTuyo
Galdakaoko udalbatzak eskola materiala herriko saltokietan erosteagatik diru laguntzak emateko oinarri arautzaileak behin betiko onartu zituen osoko bilkuran. EAJ bozketan abstenitu zen eta salatu du Udalak laguntzetatik kanpo utzi dituela «testuliburuak, irakurketa-liburuak, material informatikoa eta ekipoak». Udal Gobernuak erabakia «aurretik egindako azterketan eta teknikariek egindako txosten juridikoan oinarrituz» hartu duela adierazi du.
Beste hainbat neurriren artean, eskola materiala herriko saltokietan erosteagatik diru laguntzak emateko oinarri arautzaileak behin betiko onartu zituen Galdakaoko udalbatzak urtarrilaren 25ean antolatutako osoko bilkuran.
Ondorioz, iazko irailetik datorren otsailaren 15era arte herriko dendetan erositako eskola materiala ordaintzeko diru laguntzak emango ditu lehen aldiz Galdakaoko Udalak. Eskaerak eta horretarako fakturak otsailaren bigarren hamabostaldian aurkeztu beharko dira eta eskola materiala erosteko gastatutako dirutik, haur bakoitzeko gehienez 100 euro berreskuratu ahalko dute familiek.
Udalbatzak onartutako oinarrien arabera, maila hauetarako materialerako laguntza eskainiko du Udalak:
- Haur Hezkuntzako Lehen Zikloko 2 urteko ikasgela
- Haur Hezkuntzako Bigarren Zikloa
- Lehen Hezkuntza
- Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza
- Batxiler
- Lanbide Heziketa
- Hezkuntza-behar bereziak dituzten ikasleak
Honako elementu hauek hartuko dira aldiz eskolako materialtzat:
- Eskolako jardunerako beharrezkoak diren arropak: amantalak, uniformeak eta Heziketa Fisikorako kirol-arropa eta -oinetakoak
- Teknologietako, Musika eta Heziketa Plastikoetako elementuak
- Mahaigaineko materiala eta suntsigarriak: arkatzak, boligrafoak, ezabatzeko elementuak, klipak, zorrozkailuak, erregelak, eskuairak, kartaboiak, garraiagailuak, errotulkiak, koadernoak, folioak eta informatikako suntsigarriak
- Material ez suntsigarria: sailkatzaileak, artxibategiak, estutxeak, kalkulagailuak, konpasak, eskolako bizkarzorroak, orri-bereizleak, hiztegiak
Neurri hau onartzeko bozketan EH Bildu, Usansolo Herria eta Auzoak taldeek aldeko botoa eman zuten eta PSE-EE eta EAJ-PNV abstenitu ziren. Jeltzaleen esanetan, dirulaguntzen kanpo utzi dituzte «testuliburuak, irakurketa-liburuak, material informatikoa eta ekipoak».
Ainhoa Agirregoikoa Galdakaoko EAJ-PNVren bozeramaileak adierazi duenez «laguntza horiek, jakina, berandu iristen dira, eta gainera ez dira nahikoak». «Guk proposatutako hobekuntza-alegazioak gaitzesteak agerian uzten du, berriz ere, Gobernu Talde honek oposizioarekin akordioak lortzeko eta, oro har, Galdakaoko herritar guztiengan eragina izateko duen gaitasun mugatua».
Honen aurrean Udalak adierazi du EAJk proposatutako material hau laguntzetatik kanpo utzi dituela bi elementu kontuan hartuz. Batetik, jeltzaleek alegazioa aurkeztu aurretik Udal Gobernuak egindako azterketa eta, bestetik, teknikariek ostean aurkeztutako txosten juridikoa.
Azterketari dagokionez, «beste inguruko herri gehienetan egiten dena» aztertu dela azaldu dio BINKEri Asier Korta Hezkuntza zinegotziak. «Herri gehienetan ez dira sartzen testuliburuak eta material informatikoa eskola materialaren laguntzetan», adierazi du Kortak.
Teknikarien txosten juridikoa ere ildo beretik doa. Irakurketa liburuen eta testuliburuen kasuan hauxe adierazi du txostenak: «Funts politikoko gaia da, eta, beraz, ez du garrantzirik ez administrazioaren ikuspegitik, ez prozeduran duen eraginari dagokionez».
Etxerako ekipo informatikoek aldiz, «gainditu egiten dute eskolako materiala erosteko dirulaguntza deialdiaren xedea», txosten juridikoaren arabera.
«Alegazioak aztertu ondoren, ez dago arrazoi tekniko-juridikorik proposamenak sartzea justifikatzen duenik, hertsiki politikoak diren arrazoiez harago», ondorioztatu du txostenak.