Rap eta hip-hop doinuekin busti dute Sormene Haizeak eta Ningrak
Sormene
BINKE / 2020ko abendua
Rap eta hip-hop doinuekin busti dute Sormene Haizeak eta Ningrak
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: Binke
J. Martinak eman dio hasiera «emakume sortzaile euskaldunek egungo kantagintzan» mahai-inguruan parte dutenen artean, ondoren haiexek beraiek eskaini dituzten emanaldiei. Orain, aldiz, Haizea Alonsok eta Uxue Iturrate «Ningrak» hartu diete lekua. Bikote gasteiztarrak hip-hop eta rap doinuz bete du antzokia!
Haizea Alonso eta Uxue Iturrate «Ningra» izan dira oholtzara igotzen hurrengoak J. Martinaren ostean. Gasteiztarrak dira biak, eta batez ere hip-hoparen eta honen barnean aurkitzen den raparen baitan kokatzen dute haien buruak.
Hasiera batean ez ziren modu bateratuan hasi, hau da, bakoitzak bere bideari ekin zion eta ez zuten batera rapeatzen. Haizeari dagokionez, duela urtebete argitaratu zuen bere lehen kanta, «Nire bala», eta sekulako oihartzuna izan zuen Gasteizko kaleetan zehar grabatutako abesti honek. Ordutik beste bi izan dira jada argitaratutakoak, «Hitzak» eta «Petricor». Aldiz, Ningrari dagokionez, kanta bakarra kaleratu du oraingoz. «Hazia» du izena honek eta Hala Bedi Gasteizko irrati librearen laguntzarekin batera eraman zuen argitara kanta hau duela bi hilabete inguru.
Emakumeek oholtzak hartzearen garrantzia eta beharra nabarmentzen dute bai batak zein besteak, hau izan baitaiteke bai Haizearen eta baita Ningraren ustez ahalduntzeko bidea. Argi dute euskal musika olatu berri baten aurrean dagoela, eta asko dira egun eskaintzen ari diren estilo, genero eta eskaintza berriak, hauen artean rapa. Behar batetik sortzen dute, mezuari garrantzia emanez eta bizi duten kontestua eta inguratzen dien errealitatea beti ardatz. Orain arte zeharo maskulinizatuta izan den eszena aldatu beharra dagoela da duten kezketako bat, are gehiago, behar horregatik hain justu egin zuten biek rapeatzearen hautua.
Argi dute ez direla emakume guztien izenean ari rapeatzen dutenean, baina bai berriz sentitzen dira kolektibo baten parte. Erabiltzen duten diskurtsoari gainbegiratu bat emanez gero, emakumeek bizi dituzten arrazializazio desberdinei, pairatzen dituzten zapalkuntza ugariei, edota bizi dituzten kontestu desberdinei abesten die bikoteak. Hizkuntzaren hautua ere ez da atzean geratzen, sortzen duten hori euskaraz egiten baitute, inguratzen dien errealitatea bestelakoa bada ere. Azken honek pisu handia du haien ustez, betiere kultura apropiazioa errespetatzen bada, baina gaur arte erdalduna izan den eszena bat aldatzearen ardura haien zama egin dute ere bai.
Eskainitako emanaldiari dagokionez, txandaka aritu da bikotea. Batek abesten zuen bitartean, besteak aldiz lagundu egiten zion honi, «backgrounda», alegia. Orokorrean erritmo bizi eta arinak erabili dituzte oinarrietan, rapak baino, hip-hoparen baitako rap klasikoak betitik erabili dituenaren antzekoak. Mezu sakonak, ahalduntzearen eta antolatzearen beharra, Gasteizen gazteen sektore jakin batek bizi duen errealitatea edo feminismoaren garrantzia islatzen dituzte haien letretan, sistema aldatzeko grina zainetan.
Bikotearen ostean, haien hirikidea den Kai Nakairen txanda izango da. Iazko Durangoko Azokako sormen beka irabazi zuen gasteiztarrak, eta orain gutxi kaleratu duen «Baimenik gabe» lan berria aurkeztuko du.
Hurrengo kontzertua streaming bidez baino ezin daiteke jarraitu, eta Binkeren webguneko hasiera-orritik egin daiteke klik bakarrean.