«Gorputzak pluralean, baina zilborra singularrean», Irati Bediaga
Ertzetatik
Irati Bediaga Rementeria
BINKE / 2024ko otsaila
Otsaileko egunek zein aldarri daramaten begiratu dut: Minbiziaren aurkako eguna, lekaleen eguna, maitasunaren eguna…
Gehien maite dudan pertsona karramarroak hil zuen eta hauek atzeraka zergatik egiten duten ikertzeko diru gehiago eska nezake lerrootan. Baina ortuko lekaleak saltzen dituen nekazariak tarte hau komertzio handien zapalkuntzaren aurka egiteko erabiliko luke. Eta polimaitasuna praktikatzen duen asexual batek inposatzen diguten maitasun erromantiko eredu bakarra urkatzeko ahaleginak egingo lituzke orri honekin.
Eta badaude otsailean sartzen ez diren bestelako egunak, aldarriak, egiak. Etorriko da Bullying-aren aurkako eguna (maiatzak 2) , eta kideen jazarpena pairatzen ari den mutiko baten aitak dena egingo du bere txikiaren sufrimendua eteteko: zuzendaritza taldeari neurri gogorrak exijitzetik, mehatxu zuzenak eskaintzeraino. Egunero semea amultsu eta epelean besarkatuko du. Baina lantokian, bere lankide emakumearen protestei zera erantzungo die: horren zaurgarria ez balitz, proaktiboagoa eta ausartagoa balitz, kristalesko zabaiak aspaldi leudekela apurtuta. Seme gizarajoari babesa eman, lankide kexatiari ordea ekintza eskatu.
Etorriko da Euskararen eguna (abenduak 3), eta langile emakume horrek ospitale publikoan alaba artatzen duen medikuak euskara jakitea defendatuko du. Baina alaba etxetik ordu erdira dagoen ikastolara darama, auzoko eskola publikoan etxekoak ez diren bestelako hizkuntza eta kultura aniztasuna direlako nagusi. Euskaldunok marginatuak, baita marginatzaileak ere ordea.
Etorriko da depresioaren aurkako eguna (urtarrilak 13), eta eskola publikoko langile bat psikiatria unitatean ingresatuko dute, besteak beste eskizofrenia pairatzen dutenekin batera. Berea denboraldi triste bat baino ez dela, bere lekua ez dagoela existitzen ez diren ahotsak entzuten dituztenekin batera. Baina bere egoera-emozionalak gainezka egiteko falta zen su-tanta honakoa izan da: kartzelatik irten berri den nebaren etxeko paretan «Aquí vive un violador, bortxatzaileak zulora» pintada. Eta mina ematen dio ikusteak zigorra bete duten batzuk herrian txalo eta mimo artean hartzen direla, beste batzuei behintzat anonimotasuna onartzen zaiela eta badaudela betirako gorrotoarekin markatzen direnak. Kaletik ospitalera sartzean burbuilak nahi, espetxetik kalera irtetean ordea denok berdinak izatea desio.
Ez dakit noiz den zalantzen eguna, baina hemen bat: bakoitzak bere tontorrak eskalatzen edo denok larre zabalak ereiten lortuko dugu ekosistema duinago bat?