Salba Dalmau: «Emakumeak izan dira euskararen transmititzaile nagusiak»
Salba Dalmau, idazlea
BINKE / 2024ko otsaila
Salba Dalmau galdakoztarrak ‘Eziña ekiñez egina’ bere lehen liburua argitaratu du. Autoekoizpena izan da eta «Euskal Herria XXII. mendera euskalduna eta indar handiz iristeko» ehun neurri baino gehiago proposatu ditu. Lanaren inguruan gehiago ezagutzeko helburuz, idazlearekin hitz egin du BINKEk.
Gaur egun Arrasaten bizi den arren, jaiotzez galdakoztarra da Salba Dalmau. 1946an jaio zen Plazakoetxen eta Goi Mailako Ingeniaritza ikasi zuen baina gaztetatik historiazalea da, baita euskal kulturaren sustatzailea ere. Ildo honetan ‘Eziña ekiñez egina’ bere lehen liburua autoekoitzi eta argitaratu berri du.
«Euskal Herria XXII. mendera euskalduna eta indar handiz iristeko» ehun neurri baino gehiago proposatzen ditu Dalmauk lan honetan eta neurri hauek «gure historian oinarrituta daude, historian oso garrantzitsuak izan ziren estrategietan, jarreretan, balioetan eta antolatzeko eran».
Momentuz ‘Eziña ekiñez egina’ liburuaren berrehun ale kaleratu ditu galdakoztarrak eta 20 euroko prezioan erosi daiteke Galdakaoko Cervantes Liburudendan, baita Akelarre kafetegian ere.
Zelan sortu zen liburua idazteko ideia? Nire bizitza profesionalean ikerketa asko egin nituen, enpresen egoera eta etorkizuna hobetzeko. Eta, Euskal Herriaren etorkizunaz oso kezkatuta nengoenez erabaki nuen arazoak eta irtenbideak ezagutzea. Gauza interesgarri asko deskubritu ostean, erabaki nuen liburua idaztea.
Noiz hasi zinen liburua idazten eta nolakoa izan da prozesua? Betidanik nabil ezagutzen Euskal Herriaren egoera. Baina pandemia hasi zenean erabaki nuen benetan ikertzea. Gogorra izan arren, oso gustura egin dut lana. Hasteko, informazio bilatu. Gero sailkatu informazio ugari hori. Eta, azkenean, forma eman denari. Ez da erreza izan, batez ere, modu sinple batez idaztea.
Dokumentazio lan sakona egin duzu informazioa lortzeko. Zertan oinarritu zara? Batetik, etxean dauzkadan liburuetan. Bestetik, Internetekoan be, asko eta ona dagola eta baita Labayru Fundazioko artxibategietako liburu eta aldizkarietan (hamabi urtez daramat han laguntzen). Azkenik, Nabarralde Fundazioaren ikastaroetan eta aldizkarietan (Nabarralderen bazkide eta fundatzailea naiz, orain dela hogei urtetik).
Zergatik da garrantzitsua euskararen eta euskal kulturaren inguruan hausnartzea? Euskal kultura ez da bakarrik euskara eta folklorea. Benetako Euskal Kulturaren ezaugarriak bederatzi ataletan proposatzen ditut, Euskal Herriaren sustraiak eta oinarriak izan direnak historia osoan eta, posible egin dutenak hainbeste mendeetan irautea. Eta, osasun eta indar handiz eramango gaituztenak XXII. mendera.
Emakumeen papera nabarmendu duzu liburuan. Zergatik izan dira garrantzitsuak Euskal Herriaren historian? Haiek izan direlako euskararen transmititzaile nagusiak, milaka debekuak izan arren. Halaber, bizitza sozialean baztertuak izan arren, lan garrantzitsua egin zutelako: etxea gobernatu, baserriak aurrera eraman, seme-alaben hezkuntza… Eta baita etorkizunean, oso garrantzitsuak izango direlako ere: hezkuntzan, familian, enpresen zuzendaritzetan… •