Jon Azkueta: «Fisikoki kaleratu dudan lehen lana da»
Jon Azkueta, idazlea
BINKE / 2020ko abendua
«Fisikoki kaleratu dudan lehen lana da»
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Usansolokoa jaiotzez, Batxilergora salto egitearekin batera hasi zen txikitatik bere buruan irudikatzen zituen istorioak gorpuzten Jon Azkueta. Joan den irailean kaleratu zuen «Huyendo del vicio» bere lehen eleberri fisikoa, aurretik hainbat argitaratu baititu digitalean.
Unibertsitate ikasketak aurten amaitu dituen 22 urteko usansolotarra da Jon Azkueta Castro. Ikasketak amaituz geroztik liburu-denda batean lanean aritzeaz gain, hainbat proiekturen baitan ari da lanean buru-belarri. Orain arte egindako lanak formatu digitalean kaleratu ditu, eta Hego Ameriketan milaka jarraitzaile ditu, baina eskuartean dakarren liburu hau da euskarri fisikoan argitarratzea erabaki duen lehena.
Liburu berria kaleratu duzu orain gutxi. Nolako harrera izan du? Oso ona, oso eskertuta nago harrerarekin. Nire ohiko irakurleek laguntza handia eskaini didate, eta euskarri fisikoan argitaratu dudan lehenengo liburua izan denez, irakurle berrietara ere heldu ahal izan naiz. Gainera, nire herrian eleberria askok irakurri dutela esan didate, eta honek asko poztu nau. Ez naiz ohitzen ezagunak ditudan horiek nire liburuak irakurtzen dituztela ikustera.
Noiz eman zenuen idaztearen lehen pausua? Txikitatik sortu ditut istorioak nire buruan, baina institutoan ikasten ari nintzela hasi nintzen istorio horiek idazten. Esango nuke nire irakurzaletasuna garatu nuenean eman nuela idaztearen lehen pausua.
Askok esan digute Hego Ameriketan zure izenak, eta oro har, zure liburuek oihartzuna izan dutela. Zelan ba? Gaur egun nire istorio ezagunena «Huyendo del vicio» da. Wattpad plataforman bi milioi irakurketa lortu ditu, eta irakurle horien %97 hegoamerikarra da. Horren arrazoia, plataformak bertoko herrialdetan duen arrakasta da. Hemen ez da horren ezaguna. Bestalde, euskarri fisikoan argitaratzeak, nire herriko jende nahikok ere istorio hori irakurtzeko aukera izan duela erakutsi dit. Oso pozik nago nire inguruan ditudan lagunek eta bizilagunek eskainitako laguntzarekin.
Zeri idazten diozu? Umorezko istorioak idazten ditut. Nire helburua irakurleek momentu on bat bizitzea eta barre egitea da. Horrelako nobelak idazterakoan, gustura eta alai sentitzen naiz, eta nire irakurleei poztasun hori transmititu nahi diet.
Idazterako orduan, non topatzen dituzu zure indarguneak? Eta non ahulguneak? Gehien gustatzen zaidana pertsonaien arteko elkarrizketak idaztea da. Bestalde, toki desberdinen deskribapen sakonak egitea ez dut gustuko. Nahiago dut irakurleari leku desberdinak irudikatzeko askatasun hori ematea, edota elementu desberdinen ezaugarriak elkarrizketa arinen bitartez azpimarratzea.
Ba al duzu erreferenterik? Erreferente asko ditut eta ez bakarrik literaturan. Gure inguruan artista eta profesional handiak ditugu. Jon Kortazar Uriarte Euskal Herriko Unibertsitateko Euskal Literaturako katedradunarekin lanean aritzeko aukera izan dut, hilabete honetan argitaratu dugu literaturari buruzko ikerketa, eta horri esker bertoko adituez asko ikasi ahal izan dut. Kortazar eta Euskal Herrian dauden beste hainbat aditu zein idazle ditut erreferente. Wattpad plataforman dauden artista asko ere miresten ditut: Ariana Godoy, Luis Ávila… Horretaz aparte, nire idazle gustukoena Stephen King da. Nik idazten dudanak ez du zerikusirik berak idazten duenarekin, baina askotan egiten diot erreferentzia nire idatzietan.
Magisteritza ikasi duzu. Bat aukeratzekotan, irakaskuntza ala idaztea? Idaztea. Idaztearen bitartez irakasteko aukera ere egon ahal delako, nahiz eta momentuz, nire idatziek xede akademikorik ez izan. Lehen esan dudan bezala, nire eleberrien helburu nagusia irakurleek liburua irakurri eta gozatzea da. Besterik ez.
Zein abantaila eta zein desabantaila ditu paperean argitaratzeak? Eta digitalean? Euskarri elektronikoa merkeagoa da eta digitalean argitaratzerakoan irakurleengandik jasotzen duzun feedback-a itzela da. Gainera, munduko edozein herrialdera heltzeko erraztasunak ematen dizkizu. Bestetik, irakurle askori ez zaienez euskarri elektronikoa gustatzen, fisikoan argitaratzeak irakurle kopuru berri batera heltzea ahalbidetzen du.
Aurrera begira, baduzu buruan zerbat egiteko asmorik? Oraindik ez dakit zehatz-mehatz zein izango den hurrengo pausua. Wattpad plataforman idazten jarraituko dut eta euskarri fisikoan ere argitaratzeko asmoa dut, baina ez dut ezer ere ez planifikatu. Lortzen ditudan aukeren arabera jokatuko dut. Momentuz, esan dezakedan gauza bakarra, zera da: 2021. urtean «Huyendo del vicio» lanaren bigarren atala kaleratuko dudala. Eleberri honen lehenengo zatiak izan duen harrera ona ikusita, jarraipena otsailerako prest egongo da agian. Argentinan ere proiektu bat garatzen ari gara, Lucas Lezin aktoreak eta Shibily agentziak parte hartuko dute nirekin batera bertan, baina azken hau Hego Ameriketan soilik egongo da ikusgai. Arinago edo beranduago, izango duzue nire berri! •