Adinekoen egoera ezagutzeko hiru ikerketa abiatu ditu Galdakaoko Udalak
Gizarte-ekintza
BINKE / 2021eko urtarrila
Adinekoen egoera ezagutzeko hiru ikerketa abiatu ditu Galdakaoko Udalak
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Adinekoen bakardadea eta mendekotasuna kontuan hartuta, hiru ikerketa pilotu jarri ditu abian Galdakaoko Udalaren Gizarte-ekintza Arloak eta horien berri eman dute Idoia Martinez arloburuak, Mari Paz Losada zinegotziak eta Iñigo Hernando alkateak.
«Gure adinekoekin zor handia dugu eta horregatik zaindu behar ditugula» esanez hasi du bere berbaldia Mari Paz Losada alkateorde eta zinegotziak, urtarrilaren 20an Galdakaoko udaletxean eskainitako prentsaurrean. Prentsaurre horretan, Udalaren Gizarte-ekintza Arlotik abian jarri diren hiru ikerketen berri eman dute aipatutako zinegotziak, Idoia Martinez arloburuak eta Iñigo Hernando alkateak.
«Gizartearen ongizatean sakondu behar dugu, eta horretarako gure adinekoetan arreta jartzea ezinbestekoa» dela azpimarratuz aurkeztu du Hernando Arriandiagak proiektu pilotua, eta esandakoari gehitu: «Garai hauetan inoiz baino ageriago geratu da gizarte-ekintzaren beharra».
Horregatik, aurten hiru ikerketa egingo dituzte adineko pertsonen artean:
- Bakardadean bizi diren pertsonak zenbat diren eta non dauden jakinda, zer behar duten eta zelan dauden jakin ahal izango du Udalak.
- Etxebizitza komunitarioa sortu ahal izatea aztertuko da, lehenengo graduko mendekotasuna duten adineko pertsonentzako, egoerarik zaurgarrienean daudenen bizi-kalitatea hobetu ahal izateko.
- Eguneko arreta-zerbitzurako egoitza berri bat eraiki ahal izatea aztertuko da, beharko balitz. Kasu honetan, egoitza berri hau lehenengo graduko mendekotasun-arriskuan dauden edo egon daitezkeen pertsonei egongo litzateke bideratuta, dagoeneko egon badagoelako Galdakaon bigarren gradukoentzako egoitza.
Hiru azterketa hauen prozesua iaz hasi ziren abian jartzen, Udal Gobernu Planaren 50, 53 eta 58 konpromisoak bete ahal izateko, baina egoerak behartuta aurten burutuko dituzte. Ikerketen ostean erabakiko da zer egin, beti ere atzetik datorren ekonomia- eta finantza-planari kasu eginez.
«Azterketa hauek adinekoekin egin beharrekoak ezagutzen eta definitzen lagunduko digute», adierazi du Losadak aurkezpenean, eta Martinezek zehaztu egin du baieztapen hori: «Gero eta herrikide nagusiagoak ditugu, gero eta pertsona nagusi gehiago bizi da bakarrik… eta Udaletik jarri behar ditugun baliabideak ezagutzeko beharrezkoak izango dira ikerketok, aurrera eramango ditugun ekintzak datuetan oinarrituta adostu ahal izateko».