«Txertoa, arinegi?», Beñat Argoitia
Iritzia
Beñat Argoitia Basaldua
BINKE / 2021eko urtarrila
Txertoa, arinegi?
Noiz lortuko dugu gure betiko normalitatea? Galdera borobila, Beñat. Badirudi, herritarren %60-70ak txertoa hartzen dutenean izango dela. Europa mailan, epeak egoki joanez gero, eta logistika arazoak ez badaude, taldeko immunitatea uda edo uda bukaerarako lor dezakegula uste da. Baina, txertoek eragina izaten duten bitartean, neurriak egoki betetzea funtsezkoa dela azpimarratu nahiko nuke; hau da, musukoa egoki jartzea —sudurra eta ahoa barne—, bi metroko distantzia interpertsonala mantentzea, jende-pilaketak ekiditea, gune itxiak ondo aireztatzea eta eskuak maiz garbitzea.
Baina, oraindik, ez da urte bat igaro pandemia Euskal Herrira iritsi zenetik, eta herrialdeek eta agentzia erregulatzaileek txertoak onartzen dituzte. Ez duzu uste azkarregi goazenik?
Lehen, 10-15 urte behar izaten ziren txerto bat guztiz egin eta biztanleriaren artean ezartzeko. Orain, aldiz, denborak nabarmenki laburtu dira. Munduko krisi bat izanik, inoiz ikusi gabeko txertaketa ekonomiko izugarria ikusi dugu txertoen inguruan. Horrek guztiak, txertoaren garapenerako epeak nabarmen txikitu ditu, eta baita, boluntarioen parte-hartzea ikaragarri handitu ere. Froga prozesuetan, 300-3.000 boluntario behar izaten diren kasuetan, Pfizer eta Biontech txertoaren kasuan, adibidez, 40.000 lagun baino gehiagok parte hartu dute.
Horren ondorioz, txertoa pertsona gehiagorekin frogatu dutenez, segurtasun handiagoa izatea ahalbidetu dute, albo-ondorioak txikiak direla frogatuz —mina injekzio lekuan (%84), nekea (%63), buruko mina (%55), giharretako mina (%38), hotzikarak (%32), artikulazioetako mina (%24) eta sukarra (%14)—.
Hala ere, esan beharra dago, txertaketa masiboa ezartzen doan heinean, albo-ondorioak edukitzea normala izango dela, edozein pilula edo farmakori gertatzen zaion moduan.
Gauza guztiak kontuan hartuta, Sendagaiaren Europako Agentziak, beste txerto batzuekin erabilitako prozedura berberak jarraitu ditu, baina denbora laburrean, prozedurak azkarragoak izanik.
Beraz, ez dut zalantzarik txertaketa segurua izango dela eta pandemiaren bilakaera sakonki aldatuko duela; nahiz eta hasiera batean, txertaketa maila igo arte, pandemiaren bilakaera ez den nabarmen aldatuko. Horregatik, ahalik eta jende gehien animatu gura dut txertoa jartzera. Badakit, normala dela zalantzaren bat izatea, baina arriskuak eta onurak ondo aztertuta, hobe dela egun batzuetan zehar txertoaren albo-ondorio txiki batzuk pairatzea, koronobirusaren gaitza sufritzea baino. Eta ez soilik gaitz akutua, birusak eragin dezakeen patologia kronikoak —neke kronikoa, adibidez— aintzat hartuta baizik.
Amaitzeko, besarkada handi bat bidali nahi diet koronabirusa izan duzuen pertsona orori, baita maite izan duzuen pertsonen galera sufritu duzuenei ere.