Ertzainek «Jaurlaritzak eta EH Bilduren udalak Galdakaoko ertzain-etxea hiltzen uztea» salatu dute
Ertzaintza
BINKE / 2021eko otsaila
Ertzainek «Jaurlaritzak eta EH Bilduren udalak Galdakaoko ertzain-etxea hiltzen uztea» salatu dute
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Ertzaintzaren gehiengo sindikalak elkarretaratzea egin du gaur, ostirala, Galdakaoko udaletxearen aurrean, «Eusko Jaurlaritzak eta EH Bilduren udalak herriko ertzain-etxea hiltzen uztea adostu izana» salatzeko. Basauriko egoitzak hartuko omen du laster Ertzaintzaren burutza.
Datozen egunetan Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak «kudeaketa partekatua» kontzeptuaren berri emango duela iragarri du Ertzaintzaren gehiengo sindikalak, Segurtasun Sailak oraindik horren berririk eman ez badu ere. Ideia berri honekin, poliziaren ErNE, ESAN, ELA eta EUSPEL sindikatuek diotenaren arabera, «Ertzaintzaren burutza inguruko polizia-etxe nagusian ezarriko da —hau da, Basaurikoan— eta Galdakaoko ertzain-etxea herritarren salaketak jasotzeko baino ez da mantenduko, baina pixkanaka bere zereginak murrizten joango da».
Jaurlaritzako Sailaren arabera «komisariak batzearen helburua eraginkorragoak izatea» bada ere, eta ErNEk berak onartu egin badu «Azkoitia eta Zarautzeko ertzain-etxeetako bateratzea arrakastaz egin izana Estefanía Beltrán de Heredia sailburuaren garaian», ertzainen gehiengoa baliabideak inguruko egoitza bakarrera bideratzearen aldekoa ez dela dio sindikatuak.
Horregatik, gaur ostirala, Galdakaoko udaletxearen aurrean dozenaka ertzain batu dira, ErNE, ESAN, ELA eta EUSPEL sindikatuek deituta Bateratzerik ez; Galdakao ez itxi lemapean. Bertan batu izana ez da kasualitatea. Ertzainen sindikatuen artean, ErNE sindikatu nagusiak galdetu egin baitu «ez ote duen Eusko Jaurlaritzak EH Bildurekin adostu, orain Udalean dagoela, kudeaketa partekatuari berriro eustea ertzain-etxe galdakoztarra pixkanaka hiltzen uzteko».
Herriko erakundearen jarrera argitzeko hortaz, Iñaki Andonegi lau sindikatuen ordezkariak Binkeri esan dio itxiera horren aurka agertzeko eskatzen diola Udalari, «eta bere esku dagoen guztia egin dezala ertzain-etxe horrek irekita jarraitu dezan».
Udalaren ikuspuntua. Galdakaoko Udalarekin harremanetan ere jarri da Binke, afera honegatik galdetu eta gaiaren inguruan duen ikuspuntua batzeko.
Udal Gobernua erabaki honen atzetik egotearen akusazioaren inguruan galdetuta, Udalak uko egiten du halakorik. Are gehiago, Udalak berak salatu egiten du Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saila herriko instituzioarekin harrenanetan jarri ez izana: «Ez dugu horren berririk jaso, eta gure herriari zuzenean eragingo dion erabaki bat denez, Segurtasun Sailarekin berba egin gurako genuke». Harreman hori hasteko pausua eman dute honezkero alkatetzatik.
«Galdakaoko Udala ez dago ertzain-etxea ixtearen alde, ez behintzat zerbitzu batzuk kentzearen alde», esan dio Udalaren bozeramaileak komunikabide honi. Gainera, bertako ertzain-etxea salaketak jartzeko baino ez da mantenduko, baina ordutegi batekin, ziurrenik. Horren aurrean, galdera ere bota du erakunde galdakoztarrak: «Zer gertatuko da, adibidez, emakume batek eraso bat gauez sufritu badu eta salaketa jarri gura badu?».
Horren aurrean, Udal Gobernuko kide den Auzoak plataformak gaia udalbatzan lantzea eskatu du, eta horretan ari dira. Bien bitartean, Galdakaoko alkatea berarekin batzea eskatu duten ertzainen sindikatu guztiekin bildu dela ziurtatu dio Udalak Binkeri.