Josemi Olazabalaga sukaldariak Kanala Beach proiektu berria jarri du martxan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Josemi Olazabalagak bidalitakoa
Duela hogei urte ireki zuen Josemi Olazabalaga sukaldari galdakoztarrak Aizian jatetxea Bilbon eta iazko abenduan itxi behar izan zuen. Orain proiektu berri batean murgildu da Laidako hondartzaren ondoan: Kanala Beach. Aro berri honen inguruan hitz egin du BINKEk Olazabalagarekin.
Abenduaren 22an hogei urte bete ziren Josemi Olazabalaga sukaldari galdakoztarrak Aizian jatetxea Bilbon ireki zuenetik. Galdakoztarrak arrakasta handia izan zuen urte horietan eta jarraitzen izaten duen arren, jatetxea itxi behar izan zuen.
Urte amaieran utzi zuten Meliá hotelaren beheko solairuaren lokala izan ere, katearen jabeak ustiapen akordio batera heldu ziren lokalari beste erabilera bat emateko, BINKEk jaso zuen moduan.
Ordutik, jatetxe bat baino gehiago eramateko eskaintzak iritsi zaizkio Olazabalagari, «baina ez dut nire kabuz proiektu berri batean sartzeko gogorik», aitortu dio BINKEri: «Arrisku handia da, eta duela hamar urte izango balitz, agian ez nuen pentsatu ere egingo».
Hotel bateko sukaldeburu izateko deitu zuten ere, baina ez ziren akordio batera heldu. Bestalde, Leioako ostalaritza-eskolako irakasle Bittor San Miguelen bitartez, jatetxe bateko lantaldean parte hartzeko proposamen bat iritsi zitzaion.
Kanala Beach da proiektu berri honen izena, Laidako hondartzaren ondoan dagoen jatetxea. Bilboko bi anai enpresari dira buruak eta Olazabalagak Jon Otxandiano, Kepa Manzano eta John Alonsorekin batera lan egingo du. «Oso jende ona gehitu da ere, besteak beste, Aitor, Rodrigo, Aimar eta Pablo, Torrezabal Kultur Etxeko klaseetan laguntzen zidan sukaldaria», azaldu du sukaldariak.
Karta oso zabala eskainiko du Kanala Beach jatetxeak eta hiru gunetan banatu dute. Batetik, terraza estali bat eta nahierara egina, non mota desberdinetako arrozak emango dituzten, eta baita hanburgesa desberdinak ere.
Bestetik, gastronomia jatetxea dago, non Aizianen antzeko karta bat aurkeztuko duten, jendeak eskatu diona, eta hirugarren gune bat, non kopak eta koktel ezberdinak eskainiko dituzte.
«Etapa berri honetan nire ezagutzak ematea eta gauza berriak ikastea espero dut. Arrozaren gaia ez genuen oso begiz jota, eta konturatzen ari gara arrozari buruz genekiena oso desberdina dela Alacanten duten egiteko moduarekiko. Eta batez ere nire lanaz gozatu nahi dut», nabarmendu du Olazabagalak.
Pasa den zapatuan, ekainak 22, ireki zuten jatetxea baina konpromisozko mahai batzuk emateko soilik, izan ere, «pixkanaka martxa hartu eta gauzak ondo egin nahi ditugu».