Pandemiaren ostean lehenengoz kobratuko du BINKEk Binkekideen bazkidetza
TESTUA ETA ARGAZKIA: BINKE
BINKEk lau urte egin ditu Binkekideen urteroko ekarpena jaso gabe, hedabide honen Batzorde Orokorrak konfinamendu garaian —eta pandemiaren eraginak familiengan gutxitzeko asmoz— hartutako erabakiaren ondorioz. Uztailaren 15ean ekingo zaio berriz urteroko diru-iturri garrantzitsu horri.
Galdakaoko eta Usansoloko zenbait euskaltzaleren erabaki eta lanaren ondorioz sortu zen 2015ean AITU elkartea, eta irabazi asmorik gabeko elkarte hau espresuki BINKE komunikabidea abian jartzeko sortu zuten. Horrela, eskuartean duzun komunikabide honen aldizkariaren lehenbiziko zenbakia kaleratu zen 2016ko urtarrilean.
Geroztik, abuztuetan izan ezik, BINKEk informazioaren eta entretenimenduaren inguruko milaka eduki eskaini dizkie usansolotarrei eta galdakoztarrei, bere aldizkariaren hileroko 14.000 aleen bitartez. Covid-ak eragindako pandemiaren ondotik, gainera, eduki guzti horiek BINKE.EUS webgunearen eta bere sare sozialen bidez zabaldu izan ditu jendartean, hilero are herritar gehiagorengana iritsiz.
Euskarazko komunikabide batek dakartzan inbertsio eta azpiegitura guztiei aurre egiteko, ordea, BINKEk hiru diru-iturri nagusi ditu: Galdakaoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren dirulaguntza publikoak, ohiko publizitatearen salmenta eta Binkekide izenez ezagutzen ditugun bazkide-laguntzaileak.
Aldiz, osasun-larrialdiari aurre egiteko asmoz etxean konfinatzera behartu gintuztenean —2020ko martxoan— azken babes ekonomiko hau jasotzeari uko egin zion BINKEren Batzorde Orokorrak, familia askok bere lana galdu edota diru-iturriak murriztuko zituelakoan. Ordutik, Binkekideen artean sariak hilero banatzeari utzi ez bazaio ere, hedabide honek ez du Binkekideen kuotarik kobratu.
Horrek, lau urte Binkekideen ekarpena jasotzen egon barik egon izanak, bere eraginak izan ditu proiektu komunikatibo honen osasun ekonomikoan. Horregatik, BINKEren Batzorde Orokorrak Binkekideen kuotak kobratzeari berriz ekitea onartu du aho batez; eta urteroko kuota hori 36 eurotik 39 eurora igotzea onetsi da.
Binkekideen urteroko ekarpen hori uztailaren 15ean kobratuko da, pandemia aurretik egiten ohi zen bezala, banku-igorpen baten bidez. Binkekideak hortaz ez dauka ezer egin beharrik, beti ere banketxeko kontu korrontearen zenbakia aldatu ez badu edota Binkekide izaten jarraitu gura ez badu.
Halako kasuren bat ematekotan, uztailaren 11 baino lehen jakinarazteko eskatu du komunikabideak: info@binke.eus helbide elektronikora edo 680743211 telefono zenbakira mezutxo bat bidalita.
Binkekide ez denak eta proiektu hau babestu gura duenak, laguntzaile egitea baino ez du: