«Euskararen langile autonomoen alde», Gotzon Barandiaran
Kulturminez
Gotzon Barandiaran Arteaga
BINKE / 2021eko martxoa
Euskararen langile autonomoen alde
Euskal Herrian euskaraz argitaratzen duen idazle batek 24.000 liburu saldu beharko lituzke urtero soldata duin bat jasotzeko. Zenbatekoa da zuentzat soldata duina? Atera kontuak. Zenbat liburu saltzen ote ditu gurean gehien saltzen duenak? Zantzoa utziko dizuet: 1.000 ale saltzea emaitza itzela da. Hiru milioi inguruko gure herrian 1.100.000 ei gara kultur edukiak euskaraz jasotzeko gai. Zergatik ote da orduan ameskeria 24.000 liburu saltzea?
Argitaletxeetatik jasotzen ditugun egile eskubideen bataz bestekoa aintzat hartuta, idazleok saltzen den liburu bakoitzeko 2€ jasotzen ditugu. Euskal Herrian euskaraz argitaratzen dugun idazleotatik sano gutxi dira literatura idaztetik bizi direnak. Larri larri, literaturatik bakarrik bizi denik ez dago. Zuen umeetako zenbatek bota dizue bat-batean, ama, aita, «handitzen naizenean idazlea izan gura dut». Eta esango balizuete, zer erantzungo zeniekete?
Munduko hezkuntza eredu eraldatzaile, aurreratu, berdinzale guztietan irakurriko duzue literatura irakurtzea ikasle baten heziketa prozesu integralerako ezinbestekoa dela. Ander Lipusi oraintsu entzun diot eurek dagiten lana zerbitzu publikotzat dutela, Euskal Herriari eskaintzen dioten zerbitzu publikotzat dutela euskaratik pentsatu eta euskaraz jokatzen duten antzerkia. Sortzaile asko gara iritzi berekoak.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako legebiltzarrean zerbitzu publikoen ardura duten alderdietako ordezkariek «Artistaren Estatutua» hartuko dute eztabaidagai. Gutako askok susmoa dugu gehiengoa duten bi alderdiek euren sokakoak ez garen sortzaile askoren ekarpenik gabe eta, larriagoa dena, euskara hutsez sortu nahi dugunok pairatzen ditugun eskubide urraketak aintzat hartu barik onartuko dutela. Beste behin.