Ainhoa Artetxe: «Galdakaoko kuadrilen artean sortzen den giroa itzela da»
Ainhoa Artetxe, Santakurtzetako txupineroa 2024
BINKE / 2024ko iraila
«Txupinazoa nire amarekin balkoitik bizitzea esperientzia ahaztezina izan da»
· Ainhoa Artetxe Izaguirre
2003, Galdakao
Derrigorrezko ikasketak Eguzkibegi Ikastolan egin zituen hilabeteko protagonistak. Durangoko Ibaizabal Ikastolan eta EHU-n jarraitu zituen ostera. Hain zuzen, Euskal Herriko Unibertsitatean dabil gaur egun Biologia Gradua ikasten, laugarren mailan. Ordea, hainbat gazte batzen dituen Zaukena Zauk kuadrilako txupineroa izateagatik eskaini du ondoko orrialdeetako elkarrizketa.
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIAK: Jon Gomez Garai
Biologia ikasten dabil Euskal Herriko Unibertsitatean eta han lagun berriak egin dituen arren, txikitan Eguzkibegi Ikastolan egindako taldearekin sortu zuen Zaukena Zauk kuadrila Ainhoa Artetxek. Hain zuzen, kuadrila honen ordezkari izan da txupineroa aurtengo Santakurtzetan, berarentzat «esperientzia ahaztezina». Honen inguruan hitz egin dugu Artetxerekin behin Santakurtzak amaituta.
Jaietatik behintzat bizirik atera zara! Bai! Oso nekatuta baina oso pozik amaitu ditut jaiak!
Zer izan da aurtengo Santakurtzetatik gehien gustatu zaizuna? Gehin disfrutatzen dudana kuadrila artean sortzen giro ona da. Beste herri batzuetan uste dut ez dagoela hemen bezain giro ona. Kontzertuak, ekintzak eta abar edonon disfrutatu ahal dituzu baina Galdakaon sortzen den giro ona itzela da. Lehia oso sanoa da eta denok irabazi nahi dugun arren, ondo pasatzea da beti azken helburua.
Eta gutxien? Deskantsu falta! Kuadrilen Txapelketaren baitan proba asko daude eta horrek ez du lo egiteko denbora askorik uzten, batez ere astean zehar.
Balorazio arin bat egin beharko bazenu… Oso positiboa baina aurretik esan dudan moduan, nahiko nekatuta amaitu dugula komentatu dugu kuadrilan. Ezinezkoa bada ere, proba denetan parte hartzen saiatu gara eta horrek oso nekatuta utzi gaitu. Gainera, proba ezberdinak daude denbora tarte gutxian eta horrek taldea banatzera behartzen du, denok batera ezin egonda. Hala ere, ulertzen dut horrela izan behar dela mekanika txapelketa ondo joateko.
Zer iruditu zaizu txupineroa izateko esperientzia? Oso oso polita. Hasieran oso urduri nengoen baina gero asko disfrutatu dut. Azkenean hemen ez da Bilbo edo beste herri handiago batzuen moduan eta familia eta lagun artean zaude ia denbora guztian.
Zuzenean aukeratu zintuen kuadrilak zu izateko txupineroa? Udaletik deitu zuten eta taldean komentatu genuen. Neska bat izan behar zen Oier Ibarretxe izango zelako pregoilaria eta egia esan ni izan nintzen animatu nintzen neska bakarra. Nik hasieratik esan nuen ilusioz hartuko nuela erronka eta ez nuela lotsarik. Hortaz, denok ados egon ziren kuadrilen eta, aurrera!
Zer izan zen txupinero izango zinela jakitean burura etorri zitzaizun lehenengoa? Urduritasuna! Nahiko urduri jarri nintzen baina ilusio handiarekin nengoen ere.
Jaiak beste ikuspuntu batetik bizitzeko aukerarik eman dizu txupineroa izateak? Bai, batez ere txupinaren momentua. Gainera, nire ama egon zen nirekin balkoian txupina piztu arte eta esperientzia hori berarekin bizi ahal izatea oso berezia izan da niretzat, ahaztezina.
Ez zenuen txupina piztuko ez zenuenaren beldurrik izan? Ba hasieran ez nuen horretan pentsatu baina norbaitek esan zidan Bilbon ezin izan zutela zuzenean piztu eta beldurra sartu zitzaidan. Baina gero ondo joan zen, eskerrak! Esan bezala, asko disfrutatu nuen.
Galdakoztarren babesa sentitu zenuen txupinazoan eta jaietan zehar? Bai, erabat. Kaletik askok esan dizkidate gauza politak eta Kuadrila Txapelketearen probetan asko animatu naute gazteek batez ere. Kuadrila batek «manteoa» eta guzti egin zidan! (barreka)
Oier Ibarretxe boxealariak bota zuen pregoia. Zer iruditu zitzaizun? Egia esan momentu horretan oso urduri nengoen eta ez nintzen oso adi egon, baina aurretik irakurtzeko aukera izan nuen eta oso polita iruditu zitzaidan.
Zer iruditu zitzaizun berarekin aurtengo jaietako ardurak partekatu ahal izatea? Berari esan nion ere. Niretzat oso berezia izan da Oier izatea bidelagun esperientzia honetan, betidanik ezagutzen dudan eta laguna izan dudan pertsona. Pena handia izan da hala ere adibidez hasierako aurkezpenetan edo sari banaketan ez egotea, baina ulertzen dut maila horretako kirolaria izateak entrenamendua dakarrela. Madrilen bizi da orain eta hori ulertu behar dugu.
Patxikuk lau urtez jarraian irabazi ostean, Gusak izan da aurtengo kuadrila garailea. Zer esango zenieke elkarrizketa honen bidez? Kuadrila Txapelketarentzat oso ona da lehia egotea eta hainbeste urtez irabazle berdinak izan ostean, aldatzea ondo dago. Gainera, Gusak kuadrila asko ezagutzen dut eta asko poztu naiz haiek garaile ikusteaz. Oso ondo egiten dute urtero, dena ematen dute eta garaipena merezi dutela uste dut.
Eta zuek ere urtero hartzen duzue parte kuadrilen arteko txapelketan, ezta? Bai! Duela hiru edo lau urte eman genuen izena lehen aldiz Kuadrila Txapelketan eta ordutik beti hartu dugu parte. Aurten gainera nire kuadrila, Zaukena Zauk, eta Xukerrak kuadrilak batu gara batera parte hartzeko.
Emaitza ona izan du batuketak? Bai, oso ona! Jende gehiago izanda hobeto heldu gara proba guztiak egitera eta oso giro ona egon da gure artean. Batez ere juergan asko batzen ginen eta horregatik erabaki genuen batera parte hartzea. Esperientzia polita izan da eta uste dut hurrengo urtean errepikatuko dugula.
Kuadrilen Txapelketatik kanpo, badago Santakurtzetan zelan gozatu? Bai, noski. Gu hainbat ekintzatan izan gara eta musikarekin adibidez asko gozatu dugu. Pena bat izan da azken asteburuan egindako eguraldi txarra baina horrekin ere disfrutatzen jakin dugu!
Zuen kuadrilan ikasten edo lan egiten zaudete gehienak. Bateragarriak dira unibertsitatea edo lana jaiekin?Ikasten gaudenok lau edo bost ordu baino ez ditugu ematen unibersitatean eta ikasturte hasiera izanda, ez dugu egiteko askorik. Beraz, ondo kudeatu daiteke. Lan egiten dutenek aldiz, arazo handiagoak dituzte ekintzetara heltzeko, baina saiatu gara denon artean ordutegietara moldatzen eta batez ere ondo pasatzen!
Burua orain, kuadrilen arteko bazkarian? Bada… ez. Ez gara joango, ez dugu tiketik hartu. Batzuk kanpora goaz, beste batzuek egitekoak dituzte. Guretzat amaitu dira aurtengo Santakurtzak, orain deskantsu handi bat hartu eta indarrekin bueltatzeko momentua da. •