Euskalgintzako 16 eragile batu ditu Netflix Euskaraz taldeak
Ikus-entzunezkoak
BINKE / 2021eko apirila
Euskalgintzako 16 eragile batu ditu Netflix Euskaraz taldeak
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Netflix Euskaraz taldea
Euskal Herriko euskalgintzaren eta ikus-entzunezkoen zenbait eragilek babesa agertu diote Netflix Euskaraz taldeari, eta agerraldi publikoa eskaini dute gaur Durangoko Landako gunean. Adierazpena Izaskun Rekalde usansolotarrak eta Binkeko batzordekideak irakurri du.
Apirilaren 15erako 10.000 sinadura jaso gura zituen usansolotar eta galdakoztar kideez osatutako Netflix Euskaraz herritar taldeak. Aise gainditu dute langa hori, eta orain —abenduaren 3ra bitarte— 20.000 sinadura jaso gura dituztela iragarri dute Durangoko Landako gunean eskaini duten agerraldian.
Ez da edozein agerraldi izan, Euskal Herriko euskalgintzako eta ikus-entzunezkoetako 16 eragilek eman baitiote babesa ekimenari eta aurrerantzean pantailak euskaratzeko lanean elkarrekin arituko direla adierazi dute gaur.
Adierazpen hori Izaskun Rekalde usansolotarrak eta Binkeko batzordekideak irakurri du, Ibon Iza Netflix Euskaraz taldeko kidea ondoan eta 16 eragile hauek atzean dituela:
- Iker Martinez de Lagos, Topagunea.
- Paul Bilbao, Euskalgintzaren Kontseilua.
- Miren Segurola eta Iraitz Lazkano, UEMA.
- Iñigo Arandia, Tinko Euskara Elkartea.
- Alexander Aginagalde, Disney + Euskaraz taldea.
- Xabier Alkiza eta Aintzane Crujeiras, BIEUSE.
- Jon Artatxo, Ibaia Ikus-entzunezkoen Elkartea.
- Eymard Uberetagoena eta Itziar García, Napar Ikus-entzunezkoen Ekoizpen Elkartea.
- Libe Mimenza, Euskal Hedabideen Behategia.
- Igor Astibia, Hekimen.
- Arkaitz Zarraga, UEU.
- Koldo Zarate, Euskal Herrian Euskaraz.
- Aitziber Balantzategi eta Iñaki Urkijo, AEK.
- Iñigo Iruarrizaga, TOKIKOM.
- Eta gaur bertan egoterik izan ez duten Game Erauntsia eta Euskal Encodings taldeak.
Hauek dira Netflix Euskaraz taldearen helburuak, hitzez hitz:
- Ikus-entzunezkoetan bizi dugun egoeraz jabetzea, herri gisa; euskarari arnasa eta bizitza eman gura badiogu, estrategikoa da sektorea, eta eztabaida erdigunera ekarri nahi dute.
- Streaming plataforma berrietan ez dago ia euskarazko edukien eskaintzarik. Netflixen, adibidez, 3500 film eta telesaileko eskaintzatik lau film baino ez ditugu euskaraz, eta telesailik ez dago bat bera ere. Hori dela eta, Netflixi euskarazko edukiak jartzeko eskaera egiten zaio (jatorriz euskaraz ekoitzitakoak, bikoiztuak eta azpidatziak).
- Espainiako Ikus-entzunezko Komunikazioaren Lege Orokor berria tramitatzen ari dira, eta aukera ikusten da, bildutako indarrarekin, lege horretan eragiteko. Ikus-entzunezkoetan euskarazko eskaintza bermatzeko, plataforma horien jarduera arautu behar da. Lege horretan hizkuntza aniztasunak jasota izan beharko luke. Streaming plataformetan Estatuko hizkuntza ofizial guztietan izan beharreko eduki kuotak zehaztu eta bermatu beharko lirateke.
Eta hauxe eskatzen diete alderdi politikoei:
- Alderdiek bere gain hartzeko dagokien erantzukizuna. Lege horrek euskaldunon eskubideak jaso beharko lituzke, eta euskarak gaur egun ez duen lekua izan beharko luke.
- Datozen asteetan, Espainiako Kongresuan, Espainiako Ikus-entzunezko Komunikazioaren Lege Orokor berriaren gaineko eztabaidan, alderdi politikoek euskal hiztunen eskubideen defentsan bat egin behar lukete eta Kataluniako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak Lege Orokorrari jarritako alegazioak babestu beharko lituzkete. Halaber, aurreratu nahiko genuke euskarari zuzenean lotzen zaion proposamen bat adosten ari garela eragile guztien artean.
Ekimeneko kideek diote «Euskal Herriko erakundeei dagokiela euskaldunon eskubideak bermatzea». Horretarako, «tresna egokiak» beharko direla nabarmendu dute gaurko agerraldian.
Batetik, «Euskal Herriko parlamentuek eskumena daukaten esparruetan, ikus-entzunezkoetan euskararen presentzia legez arautzea». Eta beste alde batetik, «ez dauzkagun benetako egitura sendoak sortzea». Ikus-entzunezkoen Euskal Kontseiluaren beharra ikusten dute, ikus-entzunezkoetan euskal hiztunen eskubideak betetzen direla ziurtatzen duen egiturazko tresna publikoa.