Oinarinek Euskal Herriko Dantzari Egunean hartu zuen parte
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Oinarin Dantzari Taldeak bidalitakoak
Euskal Herriko Dantzari Egunaren edizio berria antolatu zen zapatuan, Karrantzan. Euskal Herri osotik etorritako mila dantzaritik gora aritu ziren Bizkaiko udalerriaren Pozalagua agertoki ederrean, eta horien artean 40 usansolotar inguru joan ziren Oinarin Dantzari Taldearen ordezkari.
Urteroko dantza talde askoren hitzordua da Euskal Herriko Dantzari Eguna, lurralde osoko dantza talde tradizionalak hartzen dituena. Zazpi lurraldeetako herri desberdin batean egin ohi da, urtero herri diferente batean. Aurtengo hitzordu nazionala Bizkaian izan da, Karrantzan. Bertan Euskal Herri osoko 44 talde elkartu ziren; horien artean, Usansoloko Oinarin Dantzari Taldea.
Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatzen du urtero Euskal Herriko Dantzari Eguna, eta aurtengoak bi egun hartu ditu: urriaren 4an dantza plaza antolatu zuten Oinkada taldearekin, eta zapatuan Euskal Herri osotik etorritako dantza taldeen txanda iritsi zen. Zazpi lurraldetik sei egon ziren ordezkatuta Karrantzan. Zuberoako talderik ez zen izan, baina hauen ordezkari Santutxuko Gaztedi Dantza Taldekoek Zuberoako dantzak egin zituzten.
Bizkaiko hainbat ordezkari izan zen egun handian, eta talde usansolotarrak Bizkaiko Dantzari Dantza eta Gorularien dantzak eskaini zituen. Oinarinetik 40 kide joan ziren Karrantzara —dantzariak eta laguntzaileak tarteko— eta gainontzeko taldeekin batera paraje ederrean egin zuten dantza zapatuan 17:00etan hasita: Pozalaguako kobazuloaren parean, areto natural ezin ederragoan.
Ostean afaria izan zuten denek elkarrekin eta eguna amaitzeko Iratzar erromeriak dantzan jarri zituen Euskal Herriko milatik gorako dantzariak.