Galdakao Txirrindulari Gelak ‘Handbike’ dokumentala aurkeztuko du urriaren 26an
TESTUA ETA IRUDIAK: Irati Alonso García
Galdakao Txirrindulari Elkartearen Gelak duela urte eta erdi jarri zuen martxan mugikortasun arazoak dituen Harrietentzat handbike bat lortzeko erronka. Ordutik bizitako prozesuaren nondik norakoak azaltzeko, ‘Handbike’ dokumentala sortu dute eta urriaren 26an aurkeztuko dute Torrezabalen.
Urtero erronka bat jartzen du martxan Galdakao Txirrindulari Elkartearen Gelak eta duela urte eta erdi mugikortasun arazoak dituen Harriet Ormazabal umearentzat handbike bat lortzeko egitasmoa abiatzea erabaki zuen. Besteak beste, erronka solidarioa antolatu zuten 2023ko Mozoilo Egunaren egitarauaren baitan.
Egun honetan lau ekintza antolatu zituzten: ‘Everesting’ igoera, El Viverora igoera herrikoia, umeentzako ginkana Ardanza parkean eta spinning saioak. Ekimenak «arrakasta itzela» izan zuen eta diru kopuru handia biltzea lortu zuten.
Hain zuzen egun honetan bizitakoa eta ostean Harrietentzako bizikleta sortzeko egin beharreko prozesua azaltzeko helburuz, ‘Handbike’ dokumentala sortu du Gelak. «Guretzat oso garrantzitsua da erakustea egitasmo honek galdakoztarrengandik izan duen babes handia eta baita jendearen dirua zertan eta nola inbertitu den azaltzea», adierazi du gaur goizean Igor Anton Galdakao Txirrindulari Elkartearen Gelako presidenteak, dokumentalaren xehetasunak azaltzeko egindako agerraldian.
‘Handbike’ dokumentala urriaren 26an estreinatuko da Torrezabal Kultur Etxean 19:00etan eta leku gehienak beteta dauden arren, saioan parte-hartzeko aukera dago galdakaotegela@gmail.com helbidera idatziz. Estreinaldiaren ostean Youtube plataforman izango da ikusgai.
Itziar Lejarreta Gelako kideak eta dokumentalaren egileak azaldu duenez, dokumentalak erronkaren eta bizikleta sortzeko prozesuaren nondik norakoak erakutsiko ditu.
«Bizikleta zerotik diseinatu eta sortu da, bererantzat egokia izateko», nabarmendu du Lejarretak, bidean hainbat laguntzaile izan dituztela azpimarratuz: «Galdakaoko eta inguruetako hainbat eragile inplikatu dira. Esaterako, pieza batzuk inguruko Lanbide Heziketako zentroetan egin dituzte», azaldu du.
Asier Korta Kirol zinegotzia eta Iñigo Hernando alkatea ere izan dira agerraldian, eta azken honek «inklusibo izatearen garrantzia» azpimarratu du.
Azkenik, dokumentalaren ostean paraitzulia Galdakaotik igaroko dela azaldu dute Gelako kideek eta jendea «kirolariak txalotu eta animatzera» animatu dute.
Hemen Itziar Lejarretaren eta Iñigo Hernandoren hitzak egitasmoaren inguruan: