Galdakaoko EAJk «herritarren bizi-kalitatea hobetzeko» 22 neurri proposatu ditu
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko EAJ-PNV
«Herritarren bizi-kalitatea hobetzeko» helburuz, premiazko 22 neurri proposatu ditu Galdakaoko EAJ-PNVk. Atzo aurkeztu zituen herritarren aurrean, Gandasegin egindako ekitaldian.
Galdakaoko EAJ-PNVk ‘Galdakao Mugituz’ plana aurkeztu zuen atzo, «ekitate eta irisgarritasun konpromisotik abiatuta, herritarren eskaerei erantzunez 22 premiazko neurri eta tokiko merkataritzarako ekintza-plana» batzen dituenak.
Gandasegin egindako ekitaldian, irisgarritasuna hobetzeko eta oztopo arkitektonikoak murrizteko neurriak hartzeko beharra nabarmendu zuten jeltzaleek: «Auzokide guztien mugikortasuna erraztu behar da, batez ere desnibel eta malda handiko eremuetan, eta premiazkoa da Zabalgane sarbiderako igogailua lehenestea, Zuatzaurren arrapalak jartzea, Lapurdi eta Tximelarre eta Elkano-Zubiarro lotzeko igogailua eraikitzea, zaborrak biltzeko plan integrala eta arketetako mantentze-lan integralak Olabarrietan».
Era berean, Bengoetxe-La Troka-Olabarrieta sarbidean «ikuspena egokitu eta hobetzeko lanei lehentasuna ematea» garrantzitsua dela adierazi zuten Galdakaoko EAJko kideek.
Bestalde, Galdakaon garraioa hobetzeko eta aparkatzeko aukerak zabaltzeko beharrari heltzeko premia nabarmendu zuten, eta irtenbideak bilatu dituzte plazen urritasunerako eta erdigunetik urrunago dauden eremuetan sartzeko zailtasunerako, hala nola Iberluce, Urtebieta eta erdigunea bezalako gune estrategikoetan aparkatzeko plaza berriak sortzea.
Jeltzaleek «premiazkoa» ikusten dute ere Taxi-Auzunea zerbitzua ezartzea eta Galdabusa handitzea eta «garrantzitsuak dira, baita ere, Bekeako zubian zuzenean esku hartzea eta Iberluce eta Guturribai artean pasabide bat jartzea».
Herritarren segurtasunari buruzko «neurri garrantzitsuak» ere aipatu zituen EAJk Gandasegin, besteak beste, udaltzainak indartzea, protokoloak hobetzea eta zaintza-kamerak jartzeko azterketa egitea. Horretarako, «alderdi politikoen artean adostasuna eta segurtasun-ituna lortzeko proposamena» egin zuten.
Merkataritzarako ekintza-planari dagokionez, Merkataritza Foroa sortzea proposatu zuten, udalerriko merkataritzan eragina duten jarduerak abian jartzeko organo gisa, Udalaren eta Galdakaoko merkatari, ostalari eta zerbitzu-enpresa txikien arteko zuzeneko harreman-kanal gisa funtzionatuz.