Aingeru Garai: «Urte osoa ematen dut eskien gainean, eta asteko sei egunez entrenatu»
Aingeru Garai, eskiatzaile olinpikoa
BINKE / 2021eko ekaina
«Nire lehiaketa bakoitzagatik 90.000€ inguru ordaindu beharko nituzke, egin kontu!»
Aingeru Garai Fernandez
1998, Galdakao
Eskiatzaile olinpiko profesionala da Aingeru eta bera ere ez da gai zenbat lehiaketa egin dituen zenbatzeko. Baina, beste askoren artean, maitasunez gogoratzen ditu hauek: Espainiako neguko eski txapelketa absolutua irabazi zuenekoa, mundu mailako gazteen txapelketan 13. geratu zenean edo Olinpiar Jokoetan parte hartu zuenekoa, esaterako. Lauaxeta Ikastolan ikasi zuen eta gaur egun eskien gainean bizi da, mundu osoa Espainiako Neguko Kirol Federazioarekin bidaiatzen.
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Aingeru Garairen artxibotik
Edonork pentsa dezake: «Udako oporretan pentsatzen ari garanean, gorputza erabat estalita eta elurretan dagoan mutil bat ekarri dabe elkarrizketa nagusira, Binkeko hauek ez dagoz burutik sano!». Eta azken baieztapen horrek izan dezake egiatik ere pixka bat, baina ez, ez gara zoratu; ekaineko protagonista nagusia sasoi honetan ere eskien gainean dabilelako. Eskiatzaile profesionala da Aingeru Garai galdakoztarra, eta Alpeetara bidean hitz egin dugu berarekin.
Zure kurrikulumari begira, ez gara gai zenbat lehiaketetan parte hartu duzun jakiteko! (irribarretsu) Nik ere ez dakit, eta bada jakitea gustatuko litzaidaken zerbait! Baina kalkulatu urtean 30 lasterketa ingurutan hartzen dudala parte, eta gaztetxotan egindakoak… Nahi baino gehiago, egia esan.
Esperientzia birekin geratu beharko bazenu, zeintzuk aukeratuko zenituzke? Europan egin nuen debutarekin eta 2019ko gazteen mundialarekin.
Kirolari profesionala zara, hau da, kiroletik bizi zara. Zelan barneratu zenuen hori lehenengoz? Tira, hori baino lehen argitu beharra dago, profesional bezala urte asko daramatzadala, baina dirua irabazten hasi naizen momentutik ez dudala nire benetako ibilbide profesionala hasi dudana sentitu, aurretik gehiago zirelako gastuak irabaziak baino.
Eta gogoratzen duzu txip aldaketa hori? Bai, Espainiako Neguko Kirolen Federazioan —RFEDI— sartu nintzenean!
Kirolari profesional izanda, beraz, egunero ari zara lanean? Normalean asteko sei egunez entrenatzen dut. Baina nire errutina ez da bera etxean edo eski-estazioren batean entrenatzen nabilenean. Eski-estazio baten sei egunez ez, egunero entrenatzen dut. Eta etxean bakarrik prestatu naiteke gimnasiora joanda edo beste mota bateko ariketak eginda —kardioa, pilometria, potentzia…—.
Hala ere, entrenamenduak alde batera utzita eta kontuan izanda eskian ibiltzen zarela, lehiak urte osoan ez dituzu izango, ezta? Bai, ia urte osoa ematen dut eskien gainean. Hemen neguko denboraldia amaitzen denean Alpeetara joaten gara, han urte osoan baitago elurra, edo Hego Amerikara, han urtaroak alderantzizkoak direlako.
Uda sasoia ate joka dugu orain, nora joango zara elur bila? Laster Suitzara joango gara, federazioak hotel bat hartzen duelako kirolariontzat. Han denboraldi-aurrea prestatzen arituko gara. Abuztua eta irailean berriz Hego Amerikara egingo dugu bidaia, neguko baldintza gogorrak bilatzera.
Eskiaren mundua zabala da, zu zein modalitatetan aritzen zara?Gaztetxoagoa nintzenean abiadura modalitatean ibiltzen nintzen, baina urteekin espezializatzen hasi nintzen eta gaur egun diziplina teknikoan aritzen naiz, erraldoietan eta slalom-ean.
Ulertzen ez dugunontzat azaltzerik bai? Bai, noski! (irribarretsu) Modu sinplean ulertzeko: slalomean ateak —edo igaro beharreko balizak— elkarren artetik oso hurbil daude eta beraz, egin beharreko mugimenduak askoz arinagoak eta laburragoak dira. Abiaduran berriz distantzia handia dago alde batetik bestera eta abiadura askoz handiagoa da.
Nork animatu zintuen lehenengoz honetan aritzera? Ba, egia esan, inork ez zidan animatu. Eskia probatzen lehenengoz urtetxo batekin utzi zidaten Baqueirako haurtzaindegian, eta geroztik ez diot eskiatzeari utzi. Baina noski, ez balitz nire gurasoengatik eta eurek kirol honekiko duten zaletasunagatik, ez nintzateke inoiz inora iritsiko.
Eta nor duzu kiderik fidelena ibilbide profesional honetan? Albert Ortega, erkidegoetako federazioetan elkar ezagutu ginen eta Espainiako selekziora elkarrekin iritsi ginen. Gaur nire lagunik onenetarikoa da!
Eskiaz hitz egitea belaunen inguruan hitz egitea da. Asko sufrituko dute, ezta? Bai, eta normala da. Azken finean, oina eta orkatila botara ondo lotuta doaz eta, beraz, ezin daitezke hautsi. Zerbait mintzekotan belaunak eta lotailuak dira… Nik, zorionez, oraindik ez dut lesio gogorrik izan.
Eta zelan entrenatu daitezke? Ahalik eta gehien entrenatuta belaunak eurek, indartsu izateko eta lesioen aurrean ahalik eta prestatuen izateko.
Lesionatzea izan daiteke kirolari baten beldurrik handiena? Niretzat arazo larriagoak daude gure munduan, baina egia da lesio batek zure ibilbidea erabat hondatu dezakela. Imajinatzen dut lesio bat ez dela aurre egiteko erraza izango.
Zaila da zu Galdakaotik ikustea, nondik sartu zara azken aldian?Denboraldia amaitzerakoan Galdakotik ibili naiz, baina ez naiz herritik gehiegi irten, nik oporrak izan ditudalako baina ingurukoek ez. Dena dela, libre dudanetan saiatzen naiz Galdakora bidaiatzen eta lagun zein familiakoekin egoten eh!
Ez da izango gure herriko eski-pistak ez zaizkizula gustatzen, ezta?! Ba hemen ditugun aldapa guztiekin Munduko Kopa bat egiteko moduan izango nintzateke! Pena ez duela elurrik egiten, bestela… (barreka)
Babesleak dituzula nabari da zure arropetan, noiz hasi zinen marka indartsuen laguntza jasotzen? Behin selekziorako deitu nindutenean. Orduan eskaintzak ugaritu egin zitzaizkidan eta gaur egun bai eskietako, kaskoetako zein bastoietako babesleak ditut. Asko babesten naute, eta oso eskertuta nago eurekin.
Eta zehatzago galdetuta, zelan laguntzen zaituzte? Federazioko babesleek dirua eta zerbitzuak eskaintzen dizkigute. Eta nik kirolari bezala ditudanek materiala ematen didate, eta hobariak, lortzen ditudan emaitzen arabera.
Hobariak edo primak aipatu dituzula. Eskia ez omen da merkea, eta urte osoan ibiltzeko, ez dut imajinatu gura ere! Bai, baina zorionez nik ordainduta daukat guztia. Hori bai, entzun dudanagatik nik nire lehiaketa bakoitzagatik 90.000€ inguru ordaindu beharko nituzte… Egin kontu!
Zerekin egiten du amets Aingeruk? Ufa! (irribarretsu) Nire ametsak oso aldakorrak dira… Munduko txapeldun izatea izan daiteke nire ametsetariko bat, baina hurrengo egunean reggaetoi abeslaria naizela amestu dezaket, edo medikua… Zentzu horretan ez nabil oso ondo burutik! (barreka) •