Emakume futbolariak: «Neska gazteek ez dute errentagarri ikusten futbolean izena ematea»
Emakume futbolariak
BINKE / 2021eko ekaina
«Neska gazteek ez dute errentagarri ikusten futbolean izena ematea»
Hainbat arrazoi tarteko, duela zortzi urte Galdakaoko futboleko emakumezkoen taldea desagertu zen. Aurtengo zuzendaritza eta hainbat entrenatzaileren laguntzarekin, emakumezkoen taldea berreskuratzeko saiakera egiten dabiltza.
Urte batzuk pasa dira gurean emakumeen futbol talderik egon ez denik. Zergatik? Bizkaiko Kopako txapelketa irabazi ondoren eta 2012/13ko denboraldiaren amaieran, zuzendaritza aldaketa bat kudeatu zen non emakumezkoen taldeak ez zuen lekurik. Gure ustez, arazoa zen beraientzat taldea ez zela errentagarria. Tamalez, jokalariek, entrenatzaileek eta gurasoek hainbeste urtetan zehar lortutakoa bertan behera gelditu zen. Jokalari bakoitzak herritik kanpo joan behar izan zuen beste taldeetan jokatzeko eta, beste batzuek ordea, futbola utzi zuten. Horregatik daramatza Galdakaoko herriak hainbeste urte talderik gabe. Gaur egun, Galdakaoko neska gazteek ez dute errentagarri ikusten beheko kategorietan izena ematea, etorkizunean ez dutelako inolako jarraikortasunik.
Talde modura zein da zuen erronka? Lehenbizi, eta talde zaharra osatzen genuen jokalarien oinarriarekin, talde berri bat ateratzen saiatzea da. Bigarrenez, epe luzerako proiektua izatea, herria ikusarazten saiatzea eta adin guztietako emakumeak izena ematera animatzea, bereziki gure herriko txikiak. Azkenik, herriko erakunde guztiengatik babesa lortzea.
Zelan bizi duzue neska eta mutilen arteko ezberdintasuna futbolean? Orokorrean eta denok dakigunez, soldatak ez daude parekatuta emakumezkoen futbola ez delako profesionaltzat hartzen. Baina guri dagokigunez, bizi izan ditugun desorekak hurrengoak izan dira: entrenamendu eta partiduetako ordutegi txarrenak —soberakinak—, kirol material eta arropa eskasa, partiduetan instalazioen zerbitzu urriak —taberna itxita edota ureztatu gabeko belarra—… Gainera, denboraldi «famatu» horren amaieran, bi baldintza jarri zizkiguten gure herrian jokatzeko: ezin genuen klubaren izena eroan eta urte horretatik aurrera entrenatzeko zelaiaren laurdena soilik izango genuke. Hala ere, gertakizunik deigarriena kopako finalean gertatu zen. Galdakaoko direktibakoak ez ziren agertu finalean, nahiz eta haiek epailea ordaindu behar izan zuten. Ordutik, irabazitako kopa guk gordeta daukagu, eta ez Santa Barbarako erakustokian.
Taldea aurrera eramateko laguntzarik jaso duzue? Jokalariak soilik izanda ez daukagu informazio gehiegi, baina proiektua aurrera atera nahi duena CD Galdakao dela argi dago. Aipatzeko, argi utzi nahi dugu proiektu honen atzean gure betiko entrenatzaileak daudela, eta haiei esker ideia sendo honi forma eman ahal diogula. Eskerrak eman nahi dizkiegu beraz Eneko Lima, Iraitz «Txiri» eta Asier Palmerori.
Proiektu hau epe luzerako ikusten duzue? Talde bat baino gehiago sortzen bada gure ustez proiektua luzerako izan daiteke. Hau da, beheragoko mailak sortzen badituzte proiektua egonkorra eta iraunkorra izango da.