Uritarrako galdakoztarrak: «Herri osoa taldearekin bat eginda dago»
Jon Alvarez eta Asier Legarretaetxebarria, Uritarra Futbol Taldeko jokalariak
BINKE / 2021eko uztaila
«Herri osoa taldearekin bat eginda dago»
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Aurreko zenbakian Amorebieta klubeko galdakoztar batek Bigarren Mailara igoera lortu zuela jakinarazi genuen. Oraingoan, Larrabetzuko Uritarra taldearekin Hirugarren Mailara igo berri diren galdakoztar bi.
Joan den ekaina ez dute erraz ahaztuko Larrabetzuko herritarrek. Herri txiki honetako futbol taldeak, Uritarrak, lorpen historikoa lortu zuen futboleko Hirugarren Mailara igoz. Eta taldearen parte izan dira aurten Asier Legarretaetxeberria (Galdakao, 1999) eta Jon Alvarez (Galdakao, 1995).
Ezer baino lehen, zorionak! Zeintzuk izan dira igoera historiko hau lortzeko gakoak? Eskerrik asko! Poztekoa da herriko aldizkaria, herritik kanpo jokatzen duten kirolariez eta beraien lorpenez gogoratzea. Hau esanda, gure igoeraren gakoa talde barruan dugun harremana izan dela esango genuke, guztiok bat eginda lortu baitugu. Aipatzekoa da ere Errebaleko Hintxek eman diguten beroa, zapaturo hurbiltzen baitira zelaira gu animatzera, herriko jendearekin batera.
«Garrasika elkarrekin sortu dugun batasunaz» abestu duzue maiz.
Guk denbora daramagu Uritarran jokatzen eta elkarlana hasieratik igartzen den zerbait da. Bertan dagoen elkartasuna ez dugu beste talde baten sentitu, herri guztia taldearekin bat eginda dago. Bitxikeria moduan, bertako umeek gurasoei Uritarraren kamiseta erostea eskatzen diete. Horrelako keinuek motibazio gehigarri bat ematen digute zapaturo ahal dugun guztia emateko.
Badu zerbait Uritarrak, horrenbesteko babes izateko. Nola ulertzen duzue zuek bertako giroa? Bertako giroa beste inon topatuko ez duzuna da. Jokalariak herrira jaitsi eta herriko jendearekin dugun harremana oso polita da. Adin guztietako jendea hurbiltzen zaigu kaletik goazela, zapatuan irabazi behar dela esanez eta animoak emanez. Azkenean Uritarran ez dugu dirua irabazteko jokatzen, herriak berak irakasten digun sentimenduarengatik eta animatzera hurbiltzen den jendearengatik baizik.
Hainbat galdakoztarrek jokatu dute edo jokatzen dute Uritarran. Zergatik egiten du alde herriko jendeak Larrabetzura? Arrazoi zehatza ez dakigu zein den, bakoitzak bere arrazoia izango du. Esan ahal duguna da baditugula taldekide batzuk zortzi urte daramatzatela Uritarran jokatzen eta bertan beste urte askotarako geldituko direla badakigu. Azkenean Larrabetzura heltzen den jokalariak ez du bertatik irten nahi, eta irteten dena laster bueltatzen da etxera. Koadrila antzeko bat daukagu bertan sortuta.
Zein gabezia ikusten dituzue, futbolari dagokionez, gurea bezalako herri handi batean? Galdakaok 30.000 biztanle inguru izanda badu gaitasuna herriarentzat eta herrikoa izan daitekeen talde bat sortzeko. Azken finean gu ez gara inor zuzendaritzan aritzen direnen lana zalantzan jartzeko, aurten lan oso ona egin baitu talde guztiak, azken partidara arte igoera borrokatuz. Baina polita izango litzateke herriaren babesa edukitzea eta hori herriko jendearekin bakarrik lortuko dutela uste dugu.
Gehiengoa Larrabetzukoak ez izanda ere, herriaren eta zaleen artean lotura itzela dago. Galdakaon, zergatik ez? Galdakaon badago adibide garbi bat: Rayo Jaikiriki areto futboleko taldea. Herriko talde txiki bat izanda ere, jokalarien eta zaleen arteko lotura itzela da. Lehen esan bezala, gure ustez Galdakaoko klubak gehiago zaindu beharko lituzke herriko jokalariak eta horrekin batera lehenago edo geroago zale gazteak agertuko dira.